Albistea entzun

Katalunia

Puigdemonti immunitatea kentzeko urratsa eman du Europako Parlamentuak

Kataluniako presidente ohiari eta Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiei babes juridikoa kentzea proposatu du parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordeak. Afera parlamentuko osoko bilkurara igaroko da, eta hark izango du azken hitza, martxoaren 8an.

Toni Comin, Clara Ponsati eta Carls Puigdemont, Perpinyan (Herrialde Katalanak), iazko otsailean.
Toni Comin, Clara Ponsati eta Carls Puigdemont, Perpinyan (Herrialde Katalanak), iazko otsailean. David Borrat / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2021eko otsailak 23

Europarlamentari akta izateak ematen dien immunitatea galtzetik hurbilago daude Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemont, eta Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiak, Europako Parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordeak haien kontrako suplikatorioaren alde egin ostean. Atzo eztabaidatu zuen batzorde horrek immunitatea kentzeko proposamenaren inguruan, eta gaur egin dute bozketa: aldeko hamabost boto jaso ditu; aurkako zortzi, eta bi abstentzio. Modu horretan, Espainiako Auzitegi Gorenak eskatutakoaren alde egin du batzordeak. Puigdemonti, Comini eta Ponsatiri europarlamentari akta kentzea nahi du auzitegi horrek, eta Espainiaratzeko eskatu, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik epaitzeko.

Prozedura ez da amaitu, ordea, eta hiru politikariek ez dute galduko immunitatea oraindik. Izan ere, batzordeak onartutakoa Europako Parlamentuak berretsi beharko du, osoko bilkuran. Martxoaren 8an izango dute bozketa. Orduan ere gehiengoak txostenean jasotakoaren alde egingo balu, hiru europarlamentariek ez lukete diputatu akta galduko, eta kargu horretan jarraituko lukete. Egoera juridikoan eragingo lieke, ordea, Europako Parlamentuak baimenduko lukeelako haiek epaitzea.

Euroaginduak aktibatu nahi ditu Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenak, eta Bruselak ez dio jarriko oztoporik horretarako, gaur hamabost egingo duten legebiltzarreko saioan gaurko erabakia berresten badute. Litekeena da hala egitea, ordezkaritza handiena duten talde parlamentarioetako diputatu gehienek horren aldeko posizioa agertu baitute orain arte.

Hala balitz, Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik Belgikako Justiziaren aurrean deklaratu beharko dute, haien aurkako euroagindu eskaerak eginak baititu Espainiak —sedizio delitua egozten diote Ponsatiri, eta sedizioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea Puigdemonti eta Comini—. Eskaera horiek onartuz gero, Espainiaratu egingo lituzke Belgikak, han epaitzeko. Horri uko egitea ere bada aukera bat, ordea, argudiatuta Espainian ez dutela edukiko bidezko epaiketa bat izateko bermerik. Argudio hori bera erabilita, Belgikako auzitegi batek ez zuen onartu Lluis Puig Kataluniako kontseilari ohia estraditatzeko eskaera, joan den abuztuan.

Gaurkoa, esperotakoa

Angel Dzhambazki Bulgariako VMRO alderdiko politikariak egindako txosten baten edukia da gaurko saioan bozkatu dutena. Europako Parlamentuko Europako Kontserbadoreen eta Erreformisten taldeko kide da VMRO, besteak beste, Legea eta Justizia, Vox eta Italiako Anaiak eskuin muturreko alderdiekin batera. ABC egunkariak joan den astean aurreratu zuen Dhzambazkik egindako txosten hori Junts per Catalunyako kideei immunitatea kentzearen aldekoa zela. Espainiako Justiziak egindako eskariei men ez egiteko arrazoirik ez dagoela zioen txostenak, argudiatuta Puigdemont, Comin eta Ponsatiri egozten dizkieten delituak europarlamentari izan aurrekoak direla, eta ez dutela zerikusirik kargu horretan egindako lanarekin.

Txostenaren inguruko bozketa egitea zegokien batzorde juridikoko kideei gaur, baina espero zen haren alde egingo zutela. Izan ere, batzordea osatzen duten 25 diputatuetatik zortzi Espainiako alderdietako diputatuak dira, eta eta Ciudadanoseko Adrian Vazquez da batzordeko presidentea. Gainera, popularrak, liberalak eta sozialistak gehiengoa dira, eta ziurtzat jotzen zen immunitatea kentzearen alde egingo zutela.

Gaurko bozketara arteko prozeduran izandako irregulartasunak salatu dituzte azken egunetan Puigdemonten, Cominen eta Ponsatiren abokatuek. Konfidentzialtasunerako zina egina zuten eurodiputatuek, baina zenbaitek hori urratu dutela agerian geratu da. PPko diputatu Esteban Gonzalez Ponsek publikoki adierazi zuen batzordearen gehiengoak immunitatea kentzearen alde egingo zuela, lehenik, eta, pasa den astean, ABC-k txostenaren edukia zabaldu zuen. Filtrazio hori ikertzeko eskatu zioten abokatuek David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Muga zurruna ezartzearen aurkako kartel bat, Ipar Irlandan. ©AIDAN CRAWLEY / EFE

Talde paramilitar unionistek mehatxu egin dute 1998ko bake akordioa hautsiko dutela 'brexit'-eko akordioa aldatu ezean

Berria

Johnsonek Irlandako itsasoan ezarritako grazia epea luzatzeko asmoa adierazi du, baina EBk deitoratu egin du erabakia.

Tigrayko milaka herritarrek muga pasatu dute, eta Sudango kanpalekuetan daude egun. ©Ala Kheir / EFE

NBEk uste du Tigrayn gertaturikoak «gerra krimentzat» jo daitezkeela

Ander Perez Zala

Erakundeak Etiopiako eta Eritreako armaden eta TPLFren erasoak kritikatu ditu, eta iparraldeko eskualdean sartzeko baimena eskatu du, ikerketa «objektibo eta independente bat» egiteko.

Milaka lagun elkartu dira asteazkenean hildako gazteetako baten hiletan. ©KAUNG ZAW HEIN / EFE

NBEk Myanmarko aferan esku hartzeko eskatu dio Segurtasun Kontseiluari

Iosu Alberdi

Atzo 38 manifestari hil zituzten poliziek, eta, armadak kolpea eman zuenetik, 60 dira hildakoak. Protestak izan dira gaur ere, eta junta militarrak armada bidali du poliziei laguntzeko.

Martxoaren 8ko mobilizazioak Madrilen, iaz. ©Juan Carlos Hidalgo, EFE

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak debekatu egin ditu Martxoaren 8ko manifestazioak Madrilen

Berria

Mugimendu feministaren deialdiak aztertu ondoren hartu du erabaki hori, eta, ondorioz, galarazi egin ditu egun horren bueltarako aurreikusita zeuden manifestaldi guztiak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna