Finantzak

Kutxabankek 180 milioi euro irabazi ditu, %48,8 gutxiago

2019an baino mailegu gehiago eman zituen 2020an, baina hornidurak handitu ditu, krisiarengatik ustel atera daitezkeenak estaltzeko.

Kutxabanken egoitza nagusia, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 25a
16:19
Entzun

Urte gazi-gozoa amaitu du Kutxabankek. Gozoa, negozioa handitu ahal izan duelako, familiei eta enpresei aurreko urteetan baino mailegu gehiago emanez. Gazia, berriz, pandemiak eragindako krisi ekonomikoak hornidurak handitzera behartu duelako, ustel atera daitezkeen maileguen galeretatik babesteko. Ondorioz, Kutxabanken irabaziak %48,8 txikitu dira, 180,3 milioi euroraino.

Diru horretatik, 27 milioi euro banatuko dizkie bere hiru akziodunei, bankuan duten partaidetzaren arabera banatuta: 15,4 milioi BBKri, 8,6 milioi Kutxari, eta %2,9 milioi Vital Kutxari. Aurreko urteotan baina nabarmen diru gutxiago da hori, Europako Banku Zentralak soilik irabazien 515 banatzeko baimena eman diolako Kutxabanki. Edonola ere, gerta daiteke urrian irabazien gaineko debekua kentzea EBZk, eta, orduan, Kutxabankek banatu ahal izango lituzke iazko dibidenduetatik partitu gabe geratu ziren 42,5 milioi euroak, baita Kutxabankek 2020ko emaitzetatik banatzea hobetsi dezakeen beste kopuru bat ere. Kutxabanken akzioen etekina da kutxa fundazioen gizarte ekintzaren diru iturri nagusia.

Helburuak bete ditu

2020rako jarritako helburuak bete ahal izan dituela ziurtatu du Kutxabankek: interes tasak inoizko txikienak izan arren, eutsi egin die negozio arruntaren diru sarrerei (1.076 milioi), hobetu egin du marjina gordina (+%10,8), aktiboen kalitatea handitu du eta aurrera egin du eraldaketa digitalean. Halaber, «kaudimenaren lidergoa» sendotu duela dio, bere lehiakide nagusiek baino kapital handiagoa baitu: %17,8koa du kapital osoa, eta %17,4, Core Tier 1 Fully Loaded ratioan neurtuta.

Baina osasun krisiak eragin duen krisi ekonomikoak erabat baldintzatu ditu emaitzak. 457 milioi euro bideratu ditu horniduretara, horietatik 346 milioi iazko emaitzen kontura (+%161), eta gainontzekoak kapitalaren kontura —EBZk hala gomendatuta—. Horrenbestez, zalantzazko aktiboen estaldura %77,9ra iritsi da. Edonola ere, berankortasun tasa txikia du Kutxabankek, %2,32 baino ez —%2,98 izan zen 2019an—.

Krisiak krisi, bankua gustura azaldu da bere negozioaren bilakaerarekin. Pandemiak aurrezkia handitu duenez, 1.553 milioi euro gehiago bildu ditu bere inbertsio funtsetan (+%124), eta, horrenbestez, 0,71 puntu handitu du bere merkatu kuota, %6,45 izan arte.

Nabarmen handitu du ere mailegatutako dirua: 42.947 milioi euro ziren 2020 amaieran, urtebete lehenago baino %5,9 gehiago. Gutxitu egin dira enpresen zirkulatzailea finantzatzeko operazioak eta kontsumorako maileguak (-%14,9), baina %14,9 handitu du banka korporatiboak emandako maileguak, %30 erakundeetakoak, eta %9,7 mailegu hipotekarioak. Azken kopuru horretaz harro azaldu da: «Euskal merkatuan ezbairik gabeko lidergoa finkatu du [Kutxabankek], eta Espainiako merkatuan %10era arte hazi du sarrera kuota».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.