Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

LITERATURA

1920etako Parisera itzuli da Joxean Agirre, nobela labur batekin

Distira eta alderantzia aurkeztu du gaur idazleak, Elkar argitaletxearekin. Goi mailako joskintzaren alderik ilunena azaltzen du bertan. Ispiluak eta itsasoak-ekin 2018an hasi zuen trilogiaren segida da.

Joxean Agirrek gaur aurkeztu du liburu berria.
Joxean Agirrek gaur aurkeztu du liburu berria. Jon Urbe / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2021eko otsailak 25

Nobela bati azken puntua jarri eta hurrengoa hasi bitarteko tartea, goitik behera ezagutzen eta bizi duzun etxe bat atzean utzi eta beste bat eraikitzen hastea bezala ulertua. “Hiru, lau, bost hilabete, oso deserosoak. Proba pilo bat egin behar izaten duzu”. Joxean Agirre Odriozola (Azpeitia, Gipuzkoa, 1949), liburu eta liburu arteko bere gogoetak kontatzen, deserosotasuna uxatzeko asmatu duen formula azaltzen: “Egitura aldetik sinpleagoak diren nobelak nobela konbentzional artean tartekatzea, pertsonaia gutxirekin, historia lineal bat kasik eginez, bide bat izan zitekeela pentsatu nuen”.

Nobela ez-konbentzional bat aurkeztu du gaur, bada: Distira eta alderantzia; Ispiluak eta itsasoak-ekin 2018an hasitako trilogiaren bigarren partea. Elkar argitaletxearekin eman du, aurrekoa bezala; eta, aurrekoan bezala, oraingoan ere Maria Garrastazu da protagonista nagusia. “Neure amari egindako omenaldi moduko bat izan zen Ispiluak eta itsasoak, hura ere oso gazterik atera baitzen baserritik, Zestoako bainu-etxe batean lanean hasteko". Maria Garrastazu ere Zestoako (Gipuzkoa) bainu-etxe batean kokatu zuen, bada, lanean, 16 urte berderekin. 1920ko urteetan. "Parisen bukatu zuen Mariak, ispilu saltzaile". Trilogiako bigarren alea ere Parisen hasten da; bohemiaz eta modernismoz betetako Belle Epoque urteetan. "Garai horretako Parisen historia soziala da gehien agertzen dena, historia txikia".

Garai hartako Parisko kultur giroarekiko lilura ez du ukatzen Agirrek. Paris horretan, Man Ray, James Joyce eta beste hamaika sortzeile bizi dira, eta Garrastazuk utzia dio ispiluak saltzeari. "Oraingo honetan, argazkilari baten laguntzaile ari da Maria. Gauetan gurasoen nostalgia sentitzen du, eta, halakoetan, itzulia egitera atera ohi da. Gaueko irteera horietako batean, neskato batekin egiten du topo Luxenburgo parkean". Negarrez ari da umea, eta amari deika, zuberotarrez. Hor abiatzen da Agirreren 72 orrialdeko nobela, umearen ama topatzeko bidearen kontaketa. "Neskatoa igandeetako soineko dotore batekin dago jantzita, eta hori da ama bilatzeko arrastoa ematen duena".

Sindikalista gogor bat da ama hori, euskalduna, Coco Chanel eta Elsa Schiaparelli puntaren puntan dauden goi mailako modaren alderik ezkutuenean. "Gai nagusi bezala, jantzi diseinatzaile handien atzean dagoen mundu sordidoa agertzen da. Alde horretatik, bi liburuek badute nolabaiteko pedagogia politiko bat, helduen literaturan pixka bat atzera egiten didana eta sekula erabiliko ez nukeena, baina hauetan ateratzen zaidana: mundua aldatu nahi duen jendearekiko nolabaiteko miresmena edo apologia". Maria Garrastazuren ahizpa bat ere moda mundu horretan ari da lanean, Coco Chanelek Miarritzeko villa batean, beste 30en bat jostunekin batera.

Gai gehiago ere badaude liburuan. Euskal emigrazioa, esaterako, Parisen komunitate propioa daukana. Eta argazkigintza. "Aurreko nobelan bazen diskurtso poetiko bat, ispiluak gure identitate fisikoa ezagutzeko eta itsasoak gure identitate psikologikoa ezagutzeko balio ote duten. Bigarren honetan, argazkilaritzaren inguruan bada horrelako diskurtso bat".

Idatzi, etenik gabe

Aurkeztu berri duena hasi eta buka irakurtzeko moduko liburu bat dela nabarmendu du idazleak. Hasi eta buka idatzitakoa ere bada, nobela luzeagoak ez bezala. "Nobela konbentzionaletan, normalean, neure obsesio bat izaten da abiapuntua, baina, gero, beti nahasten dira pare bat istorio, gutxienez. Ez dago ezer linealik. Horiek ondo jostea askoz konplikatuagoa da, askoz buelta gehiago eman behar izaten dizkiozulako".

1986an argitaratu zuen Agirrek lehen nobela, Lehen triptikoa (Durangoko Udala). Ondoren eman ditu, besteak beste, Gizon bat bilutsik pasiloan barrena (Elkar, 1991), Elgeta (Kutxa, 1996), Romain zen bere izena (Elkar, 2003), Zwei Frauen (Elkar, 2011), Gizajoen katalogoa (Elkar, 2016) eta Goldsmithen ikaslea (Elkar, 2017).

Trilogiako hirugarren alea erdi egina omen dauka jada. Ez du presarik argitaratzeko, baina. "Merkatuan idazle bakoitzak dauka bere zuloa, eta nik beteegia daukat. Orduan, ezin dut egiten dudan guztia publikatu. Beharbada, 80 urte ditudanean argitaratuko dut zortzi urte lehenago idatzitakoa. Ari naiz nobela bat bukatzen".

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

«Ez dakit hau zerbaiten aurrekaria izango den; nahiko nuke»

Ane Eslava

Anarik kontraste handiko single batean bildu ditu bi kantu: Nacho Vegasen 'Vinu, cantares y amor'-en bertsio bat, «himnotzat» duena, eta, 'Efemerideak, kontzertuetan jotzen duena baina grabatu gabea zuena'.
 ©MAIALEN ANDRES / @FOKU

Ahalduntze baterako esperimentu politikoa

Gorka Arrese

Henry David Thoreau idazlearen 'Walden' euskaratu du Danele Sarriugartek. Bi urtez basoko txabola batean bizitzeari buruzko esperientziaren kronika bat da. Politikoa eta poetikoa du idazkera
Iban Zaldua, atzo, <em>Nola izan garen gauza</em> liburua eskuetan hartuta. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Gauzaren» bueltako obra oso bat

Andoni Imaz

Iban Zalduak euskal gatazkaren inguruan idatzi dituen ipuinen bilduma bat egin du: 'Nola izan garen gauza'. Erein etxeak eman du argitara
Langile bat paper sortak mugitzen, Leitzaran inprimategian, Andoainen (Gipuzkoa). ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Urrialdia pasatzeko zain

Andoni Imaz

Paperaren eskasiak eta banaketaren gorabeherek arazoak sortu dituzte inprimategi eta argitaletxeetan. Materiala aldatu behar izan dute, eta argitalpenen bat atzeratu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.