Koronabirusa

Egunean 560.000 maskara egiteko gai

Miren Garate.
2021eko otsailaren 26a
07:48
Entzun

Txertoak biltegiratzeko aukerak beste lan ildo bat ekarri dio Hernaniko Bexen Medical enpresari, eta ultraizozkailu gehiago erosi behar izan ditu; baina aurrez ere bazituen halako gailuak, eta jarduera berri horrek ez dio aparteko aldaketarik ekarri. Bestelakoa da maskaren kasua: osasun arloko produktuak egiten eskarmentua izan arren, orain arte ez zuten halakorik egiten. Merkatuan behar handia zegoela ikusita, apirilean hasi ziren. Mondragon taldeko kooperatiba bat da Bexen Medical, eta, enpresako ordezkariek azaldu dutenez, hiru faktore elkartu ziren: Bexen Medicalek bazeukan know how edo ezagutza; Mondragon Assemblyk gaitasuna zeukan maskarak ekoizteko makinak egiteko, eta Cikautxok sala zuriak zituen Hernanin, uzteko moduan. Sei aste aski izan zituzten ekoizten hasteko. Aurrena, Etxebarrin (Bizkaia) hasi ziren lanean, baina abenduan Hernanira ekarri zituzten makinak.

24 orduz lan egiten dute, hiru txandatan, asteburuak barne, eta bost talde dituzte lan karga horri aurre egiteko. Egunean 560.000 maskara kirurgiko egiteko gaitasuna dute, eta erabat automatizatuta dago prozesua. Hirurehun bilkari jartzen dituzte makinaren lehen zatian: spunbond ehunak dira horietako bi, zabalera ezberdinekoak, azalaren kontra eta maskararen kanpoko aldean joango direnak; eta meltblown ehuna da hirugarrena, iragazkia, erdian joaten dena. Aurrena, ehun horiek moztu, elkarren gainean kokatu, eta sudur parteko eta izkinetako soldadurak egiten ditu makinak, ultrasoinuekin, bai eta tolesturak ere. Behin hori egindakoan, bi aldetara banatzen dira maskarak, eta alde bakoitzean dagoen tresna batek sokak itsasten dizkie. Zinta batean ateratzen dira, eta hurrengo urratsa maskarak kaxatan sartzea izaten da; normalean, 50 unitateka. Gaur egun, langileek egiten dute hori, baina automatizatzea da helburua, ekoizpena handitu ahal izateko.

Sei makina daude Hernaniko lantegian, eta orduero berrikusten da haietako bakoitza. Ausaz, maskara batzuk hartzen dituzte langileek, eta haien gogortasuna, neurria eta abar ikuskatzen dituzte. Laborategira ere bidaltzen dituzte batzuk, aztertzeko. Gaur-gaurkoz, osasun arloko enpresei saltzen dizkiete maskarak, baina badituzte zenbait erronka buruan: farmazietan ere saltzen hastea, esportatzea... 70 langile zituen lehen Bexen Medicalek, eta maskaren ekoizpenarekin, bikoiztu egin dute lantaldea: 140 inguru ditu gaur egun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.