Zinema

Donostiako Zinemaldiak sexu identifikazioaren bigarren txostena argitaratu du

Zuzendaritza, ekoizpen, gidoigintza, argazkigintza, musika eta muntaketa kategorietan lan egiten duten emakumezkoen parte hartzea aztertu du Donostiako Zinemaldiak. Iazko txostenarekin alderatuz, emakume profesional gehiago zenbatu dituzte, baina portzentajea ez da %40tik gorakoa film batean ere.

Dea Kulumbegashvili zinemagile georgiarrak zuzendutako filmak irabazi zituen sari nagusiak iazko edizioan. ANDONI CANELLADA/FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko otsailaren 26a
15:11
Entzun

Donostiako Zinemaldiak sexuaren aldagaia aztertzen duen bigarren txostena argitaratu du. Antolatzaileen hitzetan, ezohiko urtea izan zen 2020a, baina ondorioak atera ahal izan dituzte. Aurten ere, 68. aldian parte hartzeko inskribatu ziren lan guztietan jarri dute arreta, eta, guztira, 2.487 filmen datuak jaso dituzte.

Sei arlo aztertu dituzte txostena osatzeko: zuzendaritza, produkzioa, gidoia, muntaketa, argazkia eta musika. Hautespen batzordeak 2019ko urritik 2020ko irailera arte ikusitako filmen egileen %65 eta %80 artean gizonak dira. Batzordeak hautatutako 110 filmen artean, berriz, emakumeek presentzia handiagoa izan dute kategoria guztietan. Hala ere, film batean ere ez dute %40ko parte hartzea gainditu. Gainera, beste behin ere, ekoizpena, gidoia eta muntaketa izan dira arlorik proportzionatuenak.

Analisiak, ordea, bi salbuespen nabarmen ditu. Alde batetik, Perlak sailean hautatutako filmen %70etik gora emakume batek zuzendutakoak dira. Bestetik, Horizontes Latinos sailean ere emakume gehiago daude zuzendarien (%61), gidoilarien (%62), argazki zuzendarien (%54) eta muntatzaileen (%52) artean, besteak beste.

Datu hobeak

Orokorrean, eta iazko aldiarekin alderatuz, emakumeen partaidetzak gora egin du: bereziki, zuzendaritzan (%10,5 gehiago), musikan (%8,2 gehiago), gidoian (%8 gehiago) eta ekoizpenean (%7,6 gehiago). Gauza berbera gertatu da mundu osoko zinema eskoletako ikasleen film laburrak biltzen dituen Nest Film Students sailari eta proiektuak garatzeko egonaldien Ikusmira Berriak sailari dagokienez ere: emakumezko zuzendarien eta gidoilarien parte hartzea handiagoa izan da. Horren harira, Donostiako Zinemaldiak iazko konpromisoari eutsi dio, eta azpimarratu du emakumezko zuzendarien eta gidoilarien proiektuei «jarraipena» eman behar zaiela.

Horrez gainera, 2020ko aldian, maskarak eta gel hidroalkoholikoak nagusi izan ziren aldi horretan, lehiaketa sailetako epaimahaikideek hainbat emakumezko zuzendari saritu zituzten: Dea Kulumbegashvili (Georgia, 1986) –Film Onenaren Urrezko Maskorra eta Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zituen–, Isabel Lamberti (Alemania, 1987), Fernanda Valadez (Mexiko, 1981), Catarina Vasconcelos (Portugal, 1986) eta Ashmita Guha (India, 1991).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.