Egiari Zor fundazioak salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eskatu du

Aldarrikatuko dute beharrezkoa dela aitortzea eta aintzat hartzea presoek eta haien senideek jasan dituzten biolentzia guztiak.

Egiazi Zor fundazioak gaur eginiko ekitaldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko otsailaren 27a
14:53
Entzun

2006. urtean Cuencako eta Aranjuezko kartzeletan hildako Igor Angulo Iturrate eta Roberto Sainz Olmos presoen heriotza dela eta, ekitaldi bat antolatu du gaur Egiari Zor fundazioak Santurtziko (Bizkaia) portuan. Bertan, salbuespenezko espetxe politikak eragindako ondorioak salatu dituzte. Aldarrikatu dute beharrezkoa dela aitortzea eta aintzat hartzea presoek eta haien senideek “jasan dituzten biolentziak: zuzenekoak eta zeharkakoak”.

Fundazioaren arabera, espetxe barruan giza eskubideen aurkako erasoak etengabeak izan dira, eta horiek egun ere jarraitzen dute. Gogoratu dute azken lau hamarkadetan 35 euskal preso politikok eta hamasei senidek galdu dutela bizitza, arrazoi ezberdinengatik, “sistematikoki aplikatu diren salbuespen neurrien ondorioz”. Eta horiez gain, "beste bi pertsonak bere buruaz beste egin zuten kartzelaratzea saihestu nahian”. Espetxe politika “ankerra” dela salatu dute, eta ekidin zitezkeen heriotzak eragin dituela: “Guztietan erabakigarria izan da salbuespenezko neurri politikoen aplikazioa”. Hainbat neurri zerrendatu dituzte: hala nola, osasun arreta ukatu izana, isolamendu neurriak, urruntzea edota dispertsioa.

Egia Zor fundazioak azpimarratu du salbuespenezko espetxe politika gobernuek hartutako erabakien emaitza dela, eta, beraz, arduradun zuzenak dituela: “Horiek bere gain hartu behar dute daukaten erantzukizuna”.

Hala, beharrezkotzat jo dute presoek eta haien senideek jasandako biolentziak aitortzea: “Urraketen egia itzaletik argitara atera behar da; baina, batez ere, ezinbestekoa da behingoz bertan behera uztea oraindik indarrean jarraitzen duten indarkeria instituzionalaren adierazpenak”. Oinarria pertsona guztien eskubideak bermatzea izan behar dela nabarmendu dute.

Eskaera zehatza egin dute: “Indarkeria adierazpenari amaiera ematea eskatzen dugu, eta espetxe salbuespenaren aplikazioarekin behingoz amaitzea. Aitortuak izan daitezela hori urte luzeetan aplikatzeak utzitako ondorio guztiak, baita horrek eragin dituen eskubide urraketa eta sufrimendu guztiak ere”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.