AEB-ak

Trumpek ez du beste alderdirik sortuko, eta 2024an berriz aurkeztuko dela iradoki du

Joe Bidenek presidentetzarako bozak irabazi zizkionetik lehenengo hitzaldia egin du presidente ohiak, eta berriz ukatu du hauteskundeak galdu zituela.

Jarraitzaileak Trumpen hitzaldia entzuten. Bart, Floridan. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko martxoaren 1a
08:57
Entzun

Kontserbadoreen konferentzia batean, Floridan mintzatu da bart Donald Trump AEBetako presidente ohia. Lehen hitzaldia zuen presidentetza galdu zuenetik. Joe Biden gaurko presidentearen aurka jo du, gogor, baina baita bere alde egin ez zuten alderdikideen aurka ere. Edonola ere, adierazi du ez duela sortuko beste alderdirik, eta iradoki du 2024ko bozetara aurkeztuko dela.

Beste alderdi bat sortzeak eskuineko botoa zatituko lukeela adierazi du Trumpek.

Ekintza Politiko Kontserbadorearen Konferentzian mintzatu da Trump, eta argi utzi du oraindik badela nor Alderdi Errepublikanoan, eta bere eragina ez dela galdu, presidentetzarako bozetan porrot egin arren.

Jarraitzaile sutsuen aurrean hitz egin du Trumpek, eta Ted Cruz senatarien laguntza eduki du, besteak beste. Lehen aukera izan da presidente ohia entzuteko, besteak beste, horrenbeste maite dituen sare sozialetan ezin izan duelako hitz egin, betoa baitu oraindik, gezurra esan eta bozetan iruzurra egon zela zabaltzeagatik.

«Zuen aurrean agertzen naiz adierazteko duela lau urte elkarrekin ekin genion bidea ez dela inolaz ere amaitu», adierazi du.

Beste alderdi bat sortzeko asmoa duela «albiste faltsua» dela esan du. «Ez al litzateke bikaina izango?», esan du ironiaz; «Sor dezagun beste alderdi bat, horren bidez geure botoak zatitu eta inoiz ez irabazteko».

Alderdi Errepublikanoan zatiketa eragin zuen, ordea, Trumpek, ez zuelako onartu nahi hauteskundeak galdu zituela. Eta, halere, eragin handia dauka oraindik eskuindarren artean.

Horren erakusgarri izan da bart eginiko hitzaldia. Izan ere, gogor jo du Trumpek Biden presidentearen aurka. «Bagenekien Bidenen gobernua txarra izango zela, baina gutako inork ez zuen irudikatu ere egin horren txarra izango zenik, eta noraino iritsiko ziren». Batez ere, inmigrazioaren eta mugen inguruko politikarengatik gaitzetsi du Biden.

Esan baino, iradoki egin du Trumpek litekeena dela berriz aurkeztea Etxe Zuriko maizter bihurtzeko lehiara, 2024. urtean. «Egia esan, zuek badakizue Etxe Zuria galdu egin zutela [demokratek]. Baina batek daki, batek daki. Beharbada erabakiko dut haiek hirugarren aldiz garaitzea, ados?».

Kontserbadoreen batasunerako deia egin arren, Trump alderdiaren zatiketaren ikur da gaur. Konferentzian ez ziren egon errepublikanoen ordezkari nagusi asko. Bill Cassidy senatariak esan du ekitaldiak ez duela alderdia ordezkatzen. «Pertsona bat gurtzen badugu, galdu egingo dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.