Koronabirusa

Osakidetza Illunben txertatzen hasiko da bihar

Gotzone Sagarduiren hitzetan, «esperientzia pilotua» izango da, eta 55 urtetik beherako herritarrei emango diete txanda.

Ilunbe saskibaloi partida bat jokatzeko prestatuta, artxibok irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 1a
11:23
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako Illunben txertoa jartzen hasiko dira bihar, Eusko Jaurlaritzak iragarri berri duenez. Xehetasunak Osasun sailburu Gotzone Sagarduik eman ditu, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Azaldu duenez, 55 urtetik beherako herritarrak txertatuko dituzte «esperientzia pilotu» horretan.

Txertaketarako Osakidetzak jarritako lehen espazio handia izango da Ilunbe, eta Sagarduik uste du txertaketa «azkartu» egingo dela horren bidez. Halere, nabarmendu du orain arteko bideari eutsiko diotela, eta osasun etxeak «lehentasunezkoak» izango direla.

Illunben, AstraZenecaren txertoa jarriko diete 55 urtetik beherako herritarrei; hau da, besteak beste, haur hezkuntzako hezitzaileei, heziketa berezikoei eta jangeletako langileei. Baina Sagarduik ez du argitu zer gertatuko den 56 eta 65 urte arteko herritarrekin. Txertatuko dituztela ziurtatu du, baina esan du ulertzen duela «diskriminatuta» sentitzea gazteagoak txertatzen ari direla ikusita. «AstraZenecaren txertoak 55 urtetik beherakoei jarri behar zaizkielako da hori», zehaztu du. Eta txerto gehiago iristen direnerako prest daudela nabarmendu du Sagarduik, haren hitzetan badutelako gaitasuna txerto gehiago jartzeko.

Hain zuzen, gaur hasita beste herritar talde bat hasiko da txertoa hartzen: 90 urtetik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 30.000 lagunek izango dute horretarako aukera. Sagarduik azaldu duenez, autotik atera gabe ere txertatuko dituzte, «beharrezkoa bada».

Ehun urtetik gorakoen txertaketaz ere aritu da Sagardui. Jose Luis Quintas Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak joan den astean esan zuen 100 urtetik gorako 1.800 adinekoetatik 800 ingururekin ezin izan direla harremanetan jarri, eta zitekeena zela Benidormen egotea (Alacant, Herrialde Katalanak). Sagarduik gaur esan du «ez zuela asmatu» hitz horiekin, eta Osakidetza 100 urtetik gorako guztiekin jarri dela kontaktuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.