Indarkeria matxista

Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako telefonoan 1.961 lagun artatu dituzte

Konfinamenduaren ondorioz, protokoloa aldatu dute: emakumeei monosilaboekin erantzuteko aukera eman diete, gizonezkoa ez konturatzeko. Zerbitzura jotako 596 emakumek (%48,1) tratu txar fisikoa pairatu dute.

Gaurko aurkezpena. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 1a
13:12
Entzun

Satevi indarkeria matxistaren biktimentzako telefono bidezko arreta zerbitzuak 1.961 lagun artatu zituen iaz. Zehetasunak eman dituzte Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburu Beatriz Artolazabalek, zerbitzuaren koordinatzaile Oiane Zaratek, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak eta Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak, prentsaurreko batean. Zerbitzu horretara jo zuten gehienak (1.322) indarkeria matxistaren biktimak izan ziren, baina biktimen hurbileko 468 pertsonak eta 171 profesionalek ere deitu zuten laguntza eske 900-840 111 zenbakira.

Zerbitzu horren jarduna ere, beste gauza gehienak bezala, COVID-19aren pandemiak baldintzatu zuen 2020an. Halere, moldatzeko izandako gaitasuna azpimarratu du Artolazabalek: «Bagenekien 900-840 111 funtsezko zerbitzua zela, baina ezinbestekoa izan zen ia dena gelditu zen hiletan egokitzeko izan zuen gaitasuna». Izan ere, zerbitzua konfinamendu egoerara egokitzeko, aldaketa batzuk egin zituzten: protokoloa aldatu zuten, erasotzailearen aurrean deitzen zuten biktimek silaba bakarreko hitzen bidez erantzuteko, eta erasotzaileak deiaren arrazoia jakin ez zezan. «Horretarako, elkarrizketa klabea sortu zen, zuzeneko erantzunak errazteko», azaldu dute ohar bidez. Konfinamendu estuena igarota ere, protokolo horrek martxan jarraitzen du.

Hain zuzen, konfinamendu estuaren garaian —martxotik maiatzera—, erasotzailearekin bizi ziren 422 emakumek deitu zuten telefonora. Azaldu dutenez, horietako batzuek gizona erosketak egitera edo zaborra ateratzera joandako denbora baliatzen zuten horretarako. Gainera, beste 408 emakumek indarkeria edo mehatxuak jasaten zituztela salatu zuten, erasotzailearekin ez bizi arren.

Tratu txar fisikoak, ia erdiek

«Edozein emakume izan daiteke indarkeria matxistaren biktima, eta hori genero desberdintasunaren adierazpen nagusia da», gogorarazi du Artolazabalek. Esandakoak berresteko, hainbat datu ere eman dituzte: zerbitzuaren erabiltzaileen %73 «bertakoak» dira, eta horietako %52k enplegua daukate. Gainera, arreta jasotako emakumeen artean hamahiru haurdun zeuden, eta horiek guztiak ziren bikotearen edo bikotekide ohiaren indarkeriaren biktima.

Agerraldian nabarmendu dutenez, zerbitzura jotako indarkeria matxistaren kasu guztietan atzeman zuten indarkeria psikologikoaren «zantzuren bat», eta 596 emakumek (%48,1) tratu txar fisikoa ere pairatzen zuten. Bestelako indarkeria mota batzuk ere atzeman zituzten: 374 emakumek (%30,19) tratu txar ekonomikoak jasaten zituzten, eta 95 kasutan (7,7), tratu txar sexualak. Lurraldeari begira jarrita, Bizkaikoak ziren %55, Gipuzkoakoak %26 eta Arabakoak %6. Deien %3, berriz, ez ziren lurralde horietakoak, baina bertan bizi diren biktimen gertukoek deitu zuten. Izan ere, ez da derrigorrezkoa Satevira zuzenean biktimak berak deitzea: iaz, indarkeria pairatzen zuten 1.322 emakumek deitu zuten, baina baita biktimen hurbileko 468 pertsonak eta 171 profesionalek ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.