Musika

EHZ jaialdia uztailaren 2tik 4ra egingo dute

Lan talde bat martxan dago festibala nola egin pentsatzeko. Pandemiak baldintzak zaildu arren, antolatzaileek aurreratu dute jaialdiak 25 urte beteko dituela aurten, eta "ahal duten guztia" egingo dutela urtemuga ospatu ahal izateko.

Jendea dantzan 2019ko Euskal Herria Zuzenean jaialdian, Irisarrin (Nafarroa Beherea). BOB EDME
Berria
2021eko martxoaren 1a
13:35
Entzun

Ez dute zehaztu non izango den, ez eta egitarauaren gaineko beste xehetasunik eman ere. Oraingoz, data baino ez: uztaileko lehen asteburuan, hilaren 2tik 4ra, egingo dute aurtengo EHZ Euskal Herria Zuzenean festibala. Julen Oillarburu antolakuntzako kideak BERRIAri azaldu dionez, lan talde bat hasi da biltzen festibalari aurten zer forma eman erabakitzeko. Hainbat herriko etxerekin hitz egiten hasiak direla ere aurreratu du, lekua finkatzeko.

Kontzertuak, ikusgarriak, hitzaldiak... hasieran, ohi duten egitarau askotarikoa antolatzea da antolatzaileen asmoa, momentuko osasun neurriei egokituta. Oillarburuk azaldu duenez, tokiko taldeei emango diete lehentasuna hura osatzerakoan, baita pandemiagatik kaltetuak izan diren eragileei ere.

Jaialdia, gainera, 25. urtemugara helduko da aurten, eta ospatzen saiatzeko arrazoi erantsi bat dela iradoki du Oillarburuk. Iaz, ekainaren 26tik 28ra ziren egitekoak, Irisarrin (Nafarroa Beherea), baina bertan behera utzi behar izan zuten azkenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.