TORTURA

Nafarroako Parlamentuak exijitu du «sakonki» iker daitezela Zabalzari buruzko audioak

Parlamentariek aho batez onartu dute Mikel Zabalza torturatuta hil zutela dioten audioak argitu daitezela. Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa dakarte audioek.

Mikel Zabalzaren urteurrenean egindako ekitaldia, iaz, Auritzen (Nafarroa). IÑIGO URIZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 1a
15:18
Entzun

Nafarroako Parlamentuak Mikel Zabalzaren kasua argitzeko eskatu du gaur aho batez onarturiko adierazpen instituzional batean. Joan den astean zabalduriko Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketetako audioetako edukia «sakonki ikertzea» galdegin du, hain zuzen. Elkarrizketa horretan entzun daitekeenez, Gomez Nietok Peroteri erran zion bere ustez Zabalza galdekatu zutenei «eskua joan» zitzaiela: «Itaunketan bertan gelditu zaie».

EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak proposaturiko testuan zehazten denez, «Mikel Zabalza gaztearen heriotzaren inguruko egia jakiteko» beharrezkoa da audio horietako edukia ikertzea. Navarra Sumak ere babestu du adierazpena, eta alderdi horretako parlamentari Carlos Perez Nievasek zehaztu du botere judizialak ebatzi beharko duela «gai horrekiko egoki ikusten duena». Ainhoa Unzu PSNko parlamentariak, berriz, adierazi du adierazpena babestu dutela uste dutelako «ikerketa eta gertaturikoaren argipena ahalbidetu» behar dela. Maria Solana Geroa Baiko parlamentariak azpimarratu du aho batez egin duela Parlamentuak adierazpenaren alde: «Horrek Parlamentuaz irudi ona ematen du, zeinak egia, justizia eta erreparazioaren alde dagoen Nafarroako gizartea ordezkatzen duen». EH Bilduko Bakartxo Ruizek ere txalotu egin du Parlamentu osoak adierazpenarekin bat egin izana, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio gertaturikoaren ardura har dezala: «Audioek erakusten dute tortura helburu politikoekin eta sistematikoki erabili dela, eta zigorgabetasun osoz ezkutatu dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.