Espainia

Kalamua erregulatzeko legea prestatzen hasiko da ERC

ERCk salatu du PSOE eta Unidas Podemos alderdiek ez dutela aurrerapausorik eman kalamuaren legea erregulatzeko, eta, gauzak horrela, beren lege propioa prestatzen hasiko direla aurreratu dute. 

Kalamua, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2021eko martxoaren 1a
16:27
Entzun

Espainian ezkerreko gobernua osatu zenetik kalamua erregulatzeko legea sortzeko bidean aurrerapausorik eman ez dela iritzita, ERC lege proiektua idazten hasiko dela aurreratu du Marta Rosique Espainiako Kongresuko ERCko parlamentariak. Egun, Espainian Francoren diktaduraren garaiko legea dago indarrean, eta legedi hori atzean utzi eta kalamua ikerketarako eta osasun terapietarako ekoiztea baimendu nahi du ERCk.

Ezkerreko gobernua sortu zenetik bertatik piztu zen kalamua erregulatzeko lege bat onartzeko esperantza, eta, orain arte horretarako nahikoa urrats egin ez dela iritzita, bere lege propioa prestatzen hasiko direla aurreratu du Rosiquek. Público egunkariari egindako adierazpenetan nabarmendu du Rosiquek gobernua osatzen duten alderdiek legerik aurkezten badute beraiek aurkeztuko dutela, nahiz eta ez duen zehaztu horretarako bertze indarren batasuna bilatuko duten edo beraiek bakarrik aurkeztuko ote duten lege proposamena. 

ERCrena ez da kalamuaren kontsumoa eta ekoizpena arautzeko ahalegin bakarra. Iazko ekainean, EAJk Osasun Batzordearen barruan azpibatzorde bat sortzeko eskaera egin zuen, bertze herrialde batzuetan marihuanaren erabilera terapeutikoa legeztatzeko asmoz egin diren kalamu medizinalaren erregulazio programak aztertzeko. Gobernuaren erantzuna argia izan zen: arriskutsua da kalamua osasun arrazoietarako erregularizatzea, eta hori egin aurretik beharrezkoa da entsegu klinikoak egitea.

Unidas Podemosek «abiapuntutzat» jo zuen Gobernuaren erantzuna, eta irailean bertan iragarri zuen lege integralaren proposamena prestatzen hasi zela. Bertan, kalamuaren aisialdirako erabilera  eta erabilera terapeutikoa arautu bide zituen. Aurretik aurkeztutako lege proposamena egokitu eta PSOErekin adosteko konpromisoa zutela nabarmendu zuten Unidas Podemosetik, eta eta legengintzaldi hau ezarri zuten epetzat. Oraindik, ordea, ez dute lege proposamenik aurkeztu.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.