Nigeria

Aske utzi dituzte Nigeriako eskola batean bahitutako 279 ikasleak

279 ikasle erreskatatu dituztela jakinarazi dute Nigeriako Zamfara estatuko agintariek. Joan den ostiralean indarrez sartu ziren gizon armatu batzuk emakumeentzako eskola batean, eta bertan atxiki zituzten.

Bahiturik zituzten zenbait ikasle, aske utzi ondoren. STR
Julen Aperribai.
2021eko martxoaren 2a
09:43
Entzun

Bello Matawalle Nigeriako Zamfara estatuko gobernadoreak jakinarazi du askatu dituztela joan den ostiraletik bahituta zeuden emakumeentzako eskola bateko ikasleak. Joan den ostiralean izan zen erasoa. Berri agentziek zabaldu zuten gizon armatu batzuk Jangebe hiriko emakumeentzako eskola batera sartu zirela, eta bertan zeuden ikasleak furgonetatan sartu eta eraman egin zituztela. 

Bahitutako ikasleak 317 zirela zabaldu zen, baina Zamfarako agintariek aitortu dute kopuru hori okerra dela: 279 ikasle erreskatatu dituzte, jakinarazi dutenez, eta bahitutako guztiak aske daudela adierazi dute.

Matamallek bere Twitter kontutik bidalitako txio batean jakinarazi du ikasleak askatu dituztela, «egiten ari ziren ahaleginak zailtzen zituzten zenbait traba» gainditu ostean. «Nigeriarrei eskatzen diet pozik egoteko, gure alabak salbu daudelako», erantsi du. 

Aurrez, gobernadoreak berak esana zuen nigeriarrak «eskandalizatu» egingo zirela bahiketaren egileak zein ziren jakitean. Horren inguruko azalpenik ez du eman, ordea.

Azkenaldian, ugaritu egin dira ikasleen kontrako erasoak Nigerian. Duela aste batzuk, 28 ikasle eta zenbait irakasle bahitu zituzten, Nigeriako gobernuak Kagara hirian duen zientzia eskolan. Iazko abenduan, berriz, 344 ikasle bahitu zituzten, Kagara hiriko bigarren hezkuntzako ikastetxe batean indarrez sartu ostean. Orduko hartan, Boko Haram Nigeriako talde jihadistak bere gain hartu zuen erasoa. Lau egun geroago askatu zituzten atxikiak zituzten ikasle denak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.