Peru

Milaka indigena antzutzera behartu izanaz akusatuta epaituko dute Fujimori

Peruko Fiskaltzaren esanetan, Fujimoriren gobernuak 350.000 emakume behartu zituen tronpak lotzera, «pobrezia murrizteko» helburuarekin. Hiru Osasun ministro ohi ere epaituko dituzte.

Antzute behartuen biktimen protesta, Liman. PAOLO AGUILAR / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 2a
15:24
Entzun

«Nire haurrari txertoa jartzera joan nintzenean, erizain bat gerturatu zitzaidan, eta esan zidan tronpak lotuko zizkidala, haur gehiago ez izateko». Enriqueta Huancahuayrenak dira hitzak. 1997an, 19 urte zituela, antzutzera behartu zuten. Mamerita Mestanza adin berarekin hil zen, urtebete geroago, operazio beraren ondorioz. Analfabetoa eta kitxua hiztuna izan arren, gazteleraz idatzitako baimen bat sinatzeko eskatu zioten hari.

Aurrekoak ez dira kasu bakanak. Peruko Fiskaltzaren arabera, Alberto Fujimori presidente ohiaren gobernuak 350.000 emakume eta 25.000 gizon indigena behartu zituen antzutzera, bere bigarren agintaldian —1995 eta 2000 urteen artean—€, landa eremuetan eta komunitate indigenetan jaiotza tasak behera egin zezan. Peruko Gobernuak bultzatako planaren helburua «pobrezia murriztea» zen.

Denera, 2.073 emakume ausartu dira salaketa jartzera, giza eskubideen defentsarako taldeen aurrean. Argudiatu dute eurei zer egiten ari ziren jakinarazi gabe, edo horretarako baimenik eman gabe, tronpak lotu zizkietela. Hala, Pablo Espinoza fiskalak, besteak beste, «bizitzaren, gorputzaren eta osasunaren aurkako delituak» egiteaz akusatu du presidente ohia. Zehazki, lesio larriak eragin izanaz akusatu dituzte, hainbat kasutan heriotza eragiteraino. Denak ere «giza eskubideen urraketa larrien testuinguruan» eginak. Izan ere, praktika hark hemezortzi emakumeren heriotza eragin zuen, horietatik bost operazioak eragindako lesio larrien eraginez. Operazioek ondorio fisikoak eragin zizkieten beste 1.300 emakume ingururi ere.

Hildako guztiak landa eremuetako bizilagunak, pobreak eta kitxua hiztunak ziren. Heriotzen arrazoia tronpen lotura egiterakoan gertatutako zailtasunak izan ziren, fiskaltzaren esanetan, ez baitziren egin halako operazio batek eskatzen duen gutxieneko prestaketarekin eta zorroztasunarekin. 

Fujimorirekin batera, epaituak izango dira Eduardo Yong, Marino Costa Bauer eta Alejandro Aginaga Osasun ministro ohiak, Osasun zuzendari izandako Ulises Aguilar, eta Cajamarca eremuko Osasun sistemako bi funtzionario ere. Horiek, presidente ohia ez bezala, akusatuen aulkian eseri dira. Izan ere, Fujimorik adierazi du ez dela bertaratuko, hura estraditatzeko Txileri eginiko eskaeran ez zelako kasu berri hori aipatzen. 

Gaur egun, Fujimori 25 urteko espetxe zigorra betetzen ari da, Barrios Altoseko eta La Cantutako sarraskiengatik. Bi eremu horietan, denera, 25 lagun hil zituen Peruko armadak sortutako Colina talde paramilitarrak, tartean, haurrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.