Koronabirusa

Pandemiaren gogoeta feministak biltzen dituen liburu bat kaleratu du Steilasek

Euskal Herriko zenbait militante feministaren testigantzak biltzen ditu liburuak. Zaintza, osasungintza, hezkuntza eta beste hainbat arlo jorratzen ditu. Gaur aurkeztu dute, Bilbon.  

Steilaseko Ana Perez eta Nagore Iturrioz gaur, Steilasen Bilboko egoitzan. ARITZ LOIOLA/FOKU
Maialen Arteaga.
2021eko martxoaren 2a
15:54
Entzun

Pandemiaren inguruko gogoeta feministak liburua kaleratu du Steilas sindikatuko idazkaritza feministak. Pandemiaren inguruan hainbat emakumek dituzten esperientziak biltzen ditu, zaintza arloko, osasuneko, irakaskuntzako eta beste hainbat sektoretako profesionalen testigantzekin, hamabost artikulutan. Hamabost atal horiek gai eta forma askotarikoak dira: batzuek lehen pertsonako bizipenak kontatzen dituzte, eta beste batzuek oinarri teorikoagoak eskaintzen dituzte, betiere emakumeak erdigunean jarrita.

Sindikatuarentzat feminismoa «lehentasunezko» gaia dela azaldu du Nagore Iturrioz Steilaseko idazkaritza feministako kideak, eta feminismoa hezkuntzara eramateko konpromisoa dutela esan du. Pandemiaren ondorioz emakumeak are zaurgarriago bilakatu direla uste dute: «Emakumeok lanik ezinbestekoenak baina prekarizatuenak egin ditugu, eta eraso sexistek ere gora egin dute itxialdian, hainbat emakume beren erasotzailearekin egon baitira etxean», zehaztu du sindikatuko Ana Perezek.

Perezek kontatu du hezkuntza arloan ere hainbat arrakala azaleratu direla COVID-19an: «Irakasleek ikasle behartsuenekin izan dituzten bizipenak jasotzen dira liburuan. Ikasle horiek baliabide teknologikoetarako, eskolako materialetarako edo elikadurarako oztopoak izan dituzte, eta ez dira inoiz EITBn agertu», salatu du. Liburua Hego Euskal Herriko ikastetxe guztietara eta hainbat espazio feministatara eramango dute.

Steilaseko idazkaritza feministaren iritziz, zerbitzu publikoak indartzean dago giltza: «Pandemiak argi utzi du zerbitzu publikoak indartu behar direla, osasungintza, hezkuntza, zaintza eta beste hainbat arlotarako aukera berdintasuna bermatzen duten bakarrak direlako, eta ezin dira enpresa pribatuen eskutan gelditu». Horregatik, pandemiaren aurreko «normaltasun» terminoa kolokan jarri dute: «Guk ez dugu pandemia baino lehenagoko normaltasun kapitalistara itzuli nahi, kapitalismoak patriarkatuarekin batera erabakitzen baitu zer bizitzak merezi duen eta zeinek ez; beraz, gure helburua sistema berri bat eraikitzea da, non guztiok bizitza duina izateko aukera izango dugun»

Elikadura teoriko berria kaleratu badute ere, ikastetxeek unitate didaktikoak lantzeko eskaria helarazi dietela kontatu du Iturriozek, eta, horregatik, aurten ere ikastetxeetarako unitate didaktikoa prestatu dute: Curriculuma deskolonizatzen du izena. Emakumeen Mundu Martxaren V. Ekintzako ildoa hartu dute hausnarketa gaitzat, eta pribilegioak eta aurreiritziak ikasleekin lantzeko hainbat galdera sorta eta ariketa prestatu dituzte.

M-8an, kalera

Martxoaren 8ko egitarauen eztabaiden harira, mobilizatzeko deialdia egin du sindikatuak. Iturriozen eta Perezen ustetan, martxoaren 8a jomugan jarriz mugimendu feminista «kriminalizatu» nahi dute, pandemiaren «errua» feministei egotziz. Horren adibide gisa jarri dute futbol partida eta ospakizunetako aglomerazioak; esan dute halakoetan ez dela piztu salaketarik eta eztabaidarik. Euskal Herriko Mugimendu Feministan «konfiantza osoa» dutela azpimarratu dute, eta «orain arte bezala segurtasun neurri guztiak beteta» mobilizatuko direla argitu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.