Eskozia

Sturgeonek dio Salmonden konspirazio salaketak «zentzugabeak» direla

Parlamentuaren ikerketa batzordean, Eskoziako lehen ministroak barkamena eskatu du sexu-eraso akusazioak ikertzeko kudeaketagatik. Toryek jakinarazi dute konfiantza mozio bat aurkeztuko dutela haren kontra.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, gaur, parlamentuaren ikerketa batzordean hitz egiten hasi aurretik. EFE
ander perez zala
2021eko martxoaren 3a
12:24
Entzun

Lekukorik garrantzitsuena da, gehien espero zena, are gehiago bezperan izandako mugimenduen ostean. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak aitortu du bere gobernuak «hutsegite larriak» egin zituela Alex Salmond gobernuburu ohiaren kontrako sexu erasoak kudeatzerakoan, eta horregatik barkamena eskatu du parlamentuko ikerketa batzordean, batez ere kexa agertu zuten bi emakumeei. Salmonden deklarazioko estiloaren kontrara, Sturgeonek jarrera defentsiboa eta erasokorra izan du diputatuen aurrean, eta lehen ministro ohiari begira jarri da hasiera-hasieratik: «Konspirazio bat izan delako ideia zentzugabea da».

Ikerketa batzordeari egin dion atariko deklarazioan, egungo karguduna kritiko agertu da bere buruarekin, adierazita «asko damutzen» dela gobernuaren ikerketarekin gertaturikoaz. Baina berehala baliatu du bere tartea karguan haren aurrekoa izan zenaren aurka egiteko: «Egia da auzitegiak [sexu-eraso karguen] errugabe dela ebatzi duela, baina haren jarrera ez da beti egokiena izan». 

Salmond iragan ostiralean mintzatu zen parlamentuko ikerketa batzorde berean, eta berriz egotzi zien SNP Eskoziako Alderdi Nazionalari, Sturgeoni eta haren gertukoei bere «izen onari kalte egin nahi izatea», eta hura «kartzelatzeko konspirazio baten parte» izatea. Ez hori bakarrik: lehen ministro ohiak defendatu zuen egungo kargudunak gezurra esan ziola batzordeari eta parlamentuari, eta, hortaz, Ministroen Kodea hautsi zuela. Halere, ez zuen aditzera eman horregatik kargua utzi behar duenik, nahiz eta kritika gogorra egin zion lehen ministroari: «Eskoziako buruzagitzak huts egin du».

Presioa handitzen ari da egungo gobernuburuarentzat. Gaurko deklarazioaren bezperan, gobernuak argitara eman behar izan ditu Salmonden epaiketari begira eman zioten lege gomendioa eta horri buruzko mezu elektronikoak, John Swinney lehen ministrordearen kontrako konfiantza mozio bat aurkezteko Eskoziako Alderdi Kontserbadorearen mehatxuak behartuta. Dokumentu horiek agerian utzi dute lehen ministroaren lantaldea jakinaren gainean zegoela borroka juridikoa irabazteko aukera gutxi zituztela, eta, halere, horrekin jarraitzea erabaki zutela.

Hala, gobernuaren abokatuek ohartarazitakoa gertatu zen 2019ko abuztuan: Eskoziako Saio Auzitegiak arrazoi eman zion Salmondi, ebatzi baitzuen Sturgeonen lantaldearen ikerketa legez kanpokoa eta lerratua izan zela. Ekaitz politikoa sortu zuen horrek, besteak beste, epaileek gobernua behartu baitzuten lehen ministro ohiari bere epaiketako gastuak ordaintzera; 565.000 euro inguru izan ziren, diru publikotik.

Horretaz, ikerketa batzordea osatzen duten diputatuek gobernuburuari galdetu diote Salmonden «aurka egiteko» jarraitu ote zuten legezko prozedurarekin; lehen ministroak erantzun du ezetz, ez zutela hori egiteko «arrazoirik, ez helbururik» ere: «Nire bizitzaren parte handi batean, Alex Salmond gertuko lankide politiko eta lagun bat izan da, asko errespetatzen nuena».

Bilkurei tiraka

2018ko abuztuan, The Daily Record egunkariak argitaratu zuen Eskoziako Gobernuak Salmond ikertu zuela, hura lehen ministro zen garaian ustez emakume batzuei egindako jazarpenengatik. Gobernuburu ohiak akusazioak ukatu zituen, SNPtik atera zen, eta gobernua justiziaren aurrera eraman zuen ikerketa horrengatik.

Bitartean, Sturgeonek aitortu zuen Salmondekin bost aldiz mintzatu zela auziaz —horietako batean, bere etxean— gobernua ikerketa egiten ari zen bitartean, eta, gainera, parlamentuko batzordeari idatziz adierazi zion 2018ko apirilaren 2an lehen ministro ohiarekin izandako bilkuran jakin zuela sexu erasoen salaketen eta ikerketaren berri.

Gerora, ordea, jakin zen topaketa hori baino lau egun lehenago gobernuburu ohiaren lantaldeko kide batekin elkartu zela —Salmonden arabera, auziaz hitz egiteko—; lehen ministroak erantzun zuen «ahaztu» egin zitzaiola elkarrizketa hori izana. Horrek hainbat galdera sortu ditu: gobernuburuak zehazki zer ote zekien, eta zergatik elkartu zen lehen ministro ohiarekin modu pribatuan.

Sturgeonek erantzun du SNPko buruzagi gisara bildu zela harekin, eta ez gobernuburu modura; horregatik ez zuten gorde hitzordua bileren agenda ofizialean, eta horregatik ez zuten grabatu elkarrizketa, argudiatu duenez.

Horrekin lotuta, atzo gauean, Kevin Pringle Salmonden kabineteburu ohi eta SNPren Komunikazio zuzendari ohiak eta Duncan Hamilton SNPren diputatu ohi eta aholkulari bereziak adierazi zuten 2018ko martxoaren 29ko bilkura antolatua izan zela, egungo gobernuburuak bazuelako jada ikerketaren eta salaketen berriz, eta, hortaz, horretaz hitz egiteko adostu zutela lau egun geroago elkartzea ere, 2018ko apirilaren 2an.

Salatzaileen izen-abizenez ere eztabaidatzeko aukera izan dute parlamentuaren batzordean. Salmondek hura osatzen duten diputatuei adierazi zien baietz, gobernutik jakinarazi egin ziotela nor zen sexu erasoak salatu zituen emakumeetako bat, eta horrek garrantzi handiagoa eman zion lehen ministroaren gaurko deklarazioari.

Sturgeonek ukatu egin du halakorik gertatu zela, eta iradoki du lehen ministro izandakoak bere lantaldearen laguntzarik gabe lortu zuela identitatea jakitea; besteak beste, sare sozialak erabilita. Bigarren salatzaile batena ere ezagutuko luke, gobernuburuaren arabera, karguan haren aurrekoa izandakoak barkamena eskatu ziolako beste emakume horri.

Parlamentuan bi batzorde osatu zituzten sexu-eraso salaketen kudeaketaren harira: bata, gobernuaren ikerketa ikertzeko, eta bestea, lehen ministroak gezurra esan ote zuen argitzeko. Aldi berean, Irlandako Errepublikako Fiskaltzaren buruzagi ohi eta Eskoziako Gobernuaren aholkulari James Hamiltoni eskatu zioten zehazteko Sturgeonek Ministroen Kodea hautsi ote zuen; hain justu, azken hori da agintariarentzako mehatxu handiena, baiezkoa ondorioztatzen badu dimisioa ematera behartuta ikusiko baitu bere burua.

Horri begira, eta egunotako gertakariak argudio hartuta, Eskoziako Alderdi Kontserbadoreak atzo jakinarazi zuen lehen ministroaren kontrako konfiantza mozio bat aurkeztuko duela parlamentuan. Oraingoz bada ere, ez du izango arrakastarako aukera handirik, Eskoziako Alderdi Berdeak adierazi baitu ez duela kargugabetzerik nahi pandemia garaian.

SNP, aspaldidaniko garairik hoberenean

Oposizioko alderdiek urteak daramatzate Sturgeon agintetik botatzeko edo ahultzeko arrazoien bila, baina orain arte ez dira gai izan lehen ministroa pixka bat bada ere kezkatzeko. Asteotako gertakariek, baina, atera ireki diete hori egiteko, mugimendu independentista eta SNP bitan zatitzeko arriskuan baitaude, hain justu, alderdia aspaldidaniko garairik hoberenean dagoen honetan.

Ipsos Mori etxearen iragan asteko ikerketa batek dio SNPren eta lehen ministroaren babesa txikitu egin dela, baita alderdiarekiko duten ikuspuntua ere. Independentisten aldeko botoa oraindik sendo dagoen arren, inkestak lehen alerta mezua bidali dio Sturgeoni.

Maiatzaren 6an egingo dituzte parlamenturako bozak, eta, aurretik, gobernua bigarren erreferendum baten data eta galdera aurkeztekotan da. Datozen asteetako gertakariek finkatuko dute, hortaz, epe laburrera eta ertainera begirako estrategia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.