Kutsadura

Kutsadura alerta ezarri dute Ipar Euskal Herrian

Akitania Berriko ATMO airearen kalitatearen behaketarako erakundeak aktibatu du alerta. Gehieneko abiadura murriztuko dute, eta industrialdeetan zenbait jarduera bertan behera geratuko dira.

Auto metaketak A63 errepidean. Artxiboko irudia. GAIZKA IROZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko martxoaren 4a
15:14
Entzun

ATMO airearen kalitatearen behaketarako erakundeak kutsadura alerta aktibatu zuen atzo Ipar Euskal Herrian. Izan ere, Saharatik etorritako hareak eta gizakiaren aktibitateek eragindako kutsadurak airearen kalitatea okertu dute. Pirinio Atlantikoetako prefeturak zenbait neurri hartu ditu karbono dioxidoaren isuriak apaltze aldera. Autoen, gehiengo abiadurak apaldu ditu autobidean: orduko 130 kilometrotik 110era, 110etik 90era, eta 90etik orduko 70 kilometrora. Bestalde, baratze suak eta mendiko laborantza suteak debekatu ditu. Industria guneetako zenbait aktibitate ere bertan behera uzteko agindu du.

Gas isurketak apaltzeko beste gomendio batzuk ere eman dituzte: autoa partekatzea eta garraio publikoa erabiltzea, tximinia suteak murriztea, hautsa sortzen duten obra guneetan obrak gelditzea, eta laborantza eremuan bazka siloen garbitzerik ez egitea.

Aireko kutsadurak sintoma batzuk eragiten ahal dituela oroitarazi du prefeturak, hala nola eztula, arnasketa arazoak edota begietako eta zintzurreko sumindurak. Herritar zaurgarriei bide nagusietatik ez hurbiltzeko aholkatu die, eta, oro har, kanpoko kirolik ez egitea gomendatu du. Sintoma batzuk agertuz gero lehen arretako medikuengana joateko erran dute.

Alerta egoera noiz bukatuko den ez dute erran, oraingoz. Halere, segurtatu dute biharko baldintza meteorologikoek aireko kutsadura apalduko dutela.

Donostian, ahalegin fisikorik ez egiteko

Donostian ere hainbat aholku eman ditu udalak. Eusko Jaurlaritzako Airearen Kontrolerako Sareak jakinarazi du Saharatik datorren hautsa partikula pilaketa handiagoa eragiten ari dela, eta, ondorioz, Donostiako Udalak eskatu du aire zabalean ahalegin fisiko handirik ez egiteko. Adineko jendeari eta arnasketa arazoak dituztenei zuzendu diete bereziki kalean ahalegin handirik ez egiteko eskaera.

Horrez gain, garraio publikoa erabiltzeko eskatu du udalak, "ibilgailuak direlako aireko partikula kopurua handitzen duten iturrietako bat". Bihar eguraldia aldatu egingo denez, larunbatetik aurrera partikula kopurua murriztea espero da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.