Isurketa

Olaberriko enpresa batean izandako gas isuriak zuriz estali ditu inguruak

Nippon Gases enpresan izan da isuria. Goierriko Hitza-ri lekukoek esan diotenez, perlita hautsa da, eta ez da kaltegarria osasunarentzat. N-1ean ezin ikusi geratu dira gidariak, eta auto ilarak sortu dira.

2021eko martxoaren 4a
17:07
Entzun

Gas isuri bat izan da Olaberrian (Gipuzkoa), Ihurre auzoko Nippon Gases enpresan (lehengo Praxair), Goierriko Hitza agerkariak jakinarazi duenez. Lantegitik ke zuria atera da, eta inguru guztiak hauts zuriz estalirik geratu dira. BERRIAk kontsultatutako iturrien arabera, perlita hori ez da toxikoa; beira bolkaniko mota bat da, ur kantitate handiak dituena, eta berotuz gero asko hanpatzen dena. Hezetasunari eusteko erabiltzen da lehen sektorean, eta eraikuntzan ere erabiltzen da. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ere jakinarazi du material «inertea eta ez-toxikoa» dela.

Istripuak irudi ikusgarriak eta harrigarriak sorrarazi ditu, hauts zuriaren meta handiak hedatu baitira lantegiaren inguruan, eta, horren eraginez, N-1 errepidean trafikoa asko moteldu da, eta auto ilarak sortu dira. Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak esan duenez, arazoak bi noranzkoetan sortu dira, baina 18:30etik aurrera zirkulazioa leheneratu ahal izan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.