Levante 1-2 Athletic (2-3)

Athletic, hirugarren finalera

Athleticek Espainiako Kopako finala jokatuko du, Levanteri luzapenean irabazi eta gero. Galtzen joan da, baina emaitza iraultzea lortu du Berenguerren golarekin. Finalean Bartzelona aurkari, apirilaren 17an. Hamabost egun lehenago Realaren aurkakoa dauka, aurreko denboraldiko Kopakoa.

Athleticeko jokalariak, garaipena ospatzen. MANUEL BRUQUE / EFE
Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 4a
20:46
Entzun

Athleticek hiru final jokatu nahi zituen 2021ean, eta lortu du balentria. Espainiako Kopako denboraldi honetakoa falta zitzaion, eta atzo eskuratu zuen txartela, Levanteren zelaian 1-2 irabazi eta gero. Bartzelonaren aurka jokatuko du finala Sevillan, apirilaren 17an. Superkopako titulua badu, eta aukera du iazko Kopakoa eta oraingoa ere lortzeko.

Iñigo Martinez gabe ekin zion partidari, Apelazio batzordeak ez ziolako lau partidako zigorra behin-behinean eten. Unai Nuñez jarri zuen Marcelinok ondarrutar atzelariaren partez, baina haren lekuan Yeray ipiniz. Euskarrian Vesga eta Unai Lopez hautatu zituen entrenatzaileak. Beste jokalari guztiak, espero zirenak. Levanteren kasuan, jokalariak bainoago, zer estrategia hautatuko zuen zen zalantza. Ostrukarena egitearen alde egin zuen Paco Lopezek. Beste modu batera esanda: taldeak egiten ez dakiena, edo partidak irekitzea eta korrika egitea bezain ondo menderatzen ez duen moldea. Bigarren zatian oso agerian geratu zen hori, etxekoen ezintasuna eta deseresotasuna nabarmenduz.

Horretan eragina izan zuen Athleticek ere. Presioari esker, Levanteri aurrera egitea galarazi zion gehienetan. Gainera, atera izan zenean, baloia galdutakoan nahi beste erraztasun eman zizkion Athletici kontraerasoan ateratzeko. Hain justu, horretan moldatzen da oso ondo Marcelinoren taldea. Norgehiagoka hasi orduko ikusi zen zein zegoen eroso, eta zein ez. Athletic osoago zegoen, sendoago, berea egiten. Levante, ez.
Baina futbolak izan ohi dituen apeta bitxi eta ezusteak tarteko, Levantek sartu zuen lehenengo gola. Moralesek ezkerretik egin zuen jokaldia, eta Rogerrek jaso zuen baloia area txikian, lehen zutoinaren parean. Buelta azkar eman, eta jaurtiketa sarera joan zen. 17. minutua zen. Horrelako jokaldiak ez ote zituen beste sendotasun batekin defendatzen taldeak entrenatzailea aldatu baino lehen...

Kontuak kontu, partida hasieran behar zuen golaren bila joan beharra zeukan Athleticek, baina luzapena behartzeko, gutxienez. Berean segitu zuen. Baita Levantek ere, zuri-gorrien zorionerako. Uzten segitzen zion kontraerasoak lotzen, eta ordu-erdia gainean zela, beste bat kateatu zuten Williamsek-eta. Erdiratu egin zuen ezkerretik, eta Raul Garciari penaltia egin zion Duartek. Jokaldiaren segidan, Berenguerrek gola egin zuen, baina Del Cerro Grande epaileak penaltia lehenetsi zuen. Ez zuen hutsik egin Raul Garciak.
Joaneko partidako emaitza bera zuen partidak. Unai Simonen ateko zutoinetako batek galarazi zion Levanteri bigarren gola 43. minutuan. Bigarren zatiak are gehiago utzi zuen agerian Levante ez zegoela arriskurik hartzeko. Athleticek bereari eutsi zion, baina Aitorren area ingurura iritsi zen bakoitzean, kanporaketa erabakitzeko aukera galtzen ari zenaren itxura eman zuen; sarritan, erdiraketa txarrengatik.

90 minutuak bete baino dezente lehenagotik hartu zuen partidak luzapenerako traza. Ordu erdi horretan, lehen aukera Raul Garciak izan zuen 93. minutuan. Kanpora jaurtiketa. Levantek 105.ean izan zuen berea, Unai Simonek dotore urrundu zuenean Bardhiren falta jaurtiketa. Bi taldeek aldaketa andana eginda, partida bazihoan penaltietara. Baina Berenguerren zartakoa azaldu zitzaion Athletici, nahi gabe joan zitzaionean baloia. Aurreratu, jaurti, atzelari bati jo, eta gola. Haizea alde Marcelino eta bere taldearentzat beste behin, baina merezitako saria izan zen, bere nortasunari ez ziolako traiziorik egin. Levantek bai. Alferrik ditu orain damuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.