Kaleratzeak

Urkullu: «Tubacexen kaleratzeak gutxitzeko bideak aztertu behar dira»

Lehendakariaren arabera, Eusko Jaurlaritzak «interes handia» erakutsi du «egoera gainditzeko eta ahalik eta lanpostu gehien babesteko».

Langileen protesta bat, Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan. AIARALDE.EUS
jokin sagarzazu
2021eko martxoaren 5a
11:58
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Tubacexeko zuzendaritzari eta sindikatuei dei egin die hodi enpresa horrek Laudion eta Amurrion (Araba) dituen lantegietan «irtenbide traumatikoak gutxitzeko bideak aztertzeko». Neurri horien artean lantegi aldaketak, erretiro aurreratuak, eszedentziak eta borondatezko irteera ordainduak aipatu ditu.

Aurreko astean Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua mintzatu zen bide beretik hitz egin du Urkulluk. Tapiak mezua igorri zion Tubacexeko zuzendaritzari sindikatuekin negoziatu zezan, eta bere hasierako eskaintza aldatzeko eskatu zion. Hori esan eta gutxira, enplegu erregulazioan jasotako 150 kaleratzeak 134ra murriztea proposatu zuen enpresak. Sindikatuek behin eta berriz esan dute ez dutela kaleratzerik onartuko.

Hurrengo asteazkenean amaitzen da negoziazio epea. Langileak greba mugagabean daude otsailaren 15etik, eta egunero mobilizazioak egiten dituzte. Horietako batzuetan Ertzaintzaren jarrera neurriz kanpokoa izan dela salatu dute. Hain zuzen ere, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek deituta, bi orduko lanuztera deitu dute gaurko Aiaralde osoan, 11:00etatik 13:00etara. Eskualdeko udalek esan dute kezkatuta daudela hango egoerarekin.

Tubacexek 25,3 milioi euroren galerekin itxi zuen 2020. urtea, aurrekoa 11 milioiren irabaziekin amaitu ostean. Zuzendaritzaren arabera, bereziki Arabako lantegiek eragin dute zuloa.

Zuzendaritzaren «iruzurra»

Lehendakariak Tubacexeko egoerari buruz hitz egin du ostiral honetako kontrol saioan, Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IU taldeko legebiltzarkideak eginiko galderari erantzunez. Enplegua erregulatzeko espedientea «erabat baztertzeko» eskatu dio Urkulluri. Azpimarratu duenez, kaleratzeak ez dira beharrezkoak enpresaren bideragarritasunerako, eta «iruzur» egiten ari da zuzendaritza. Gogoratu du Tubacexek «zortzi milioi euro baino gehiago» jaso dituela laguntza publikoetan.

Hernandezen arabera, langile gastuak murriztu nahi ditu enpresak; kalitatezko enpleguak kendu nahi ditu lanpostu prekarioekin ordezkatzeko, eta koronabirusa aitzakia gisa erabiliz egin nahi du hori guztia. Enpresa behar beste ez estutzea leporatu dio Jaurlaritzari.

Urkulluk erantzun du bere gobernua «aspalditik» ari dela lanean Tubacexen kasuan, eta «interes handia» erakutsi duela «egoera gainditzeko eta ahalik eta lanpostu gehien babesteko».

Lan gatazkak eta Ertzaintza

Tubacexen eta beste enpresa batzuetan langileek eginiko protestetan Ertzaintzak agertu duen jarrerari buruz ere galdetu diote gobernuari ostiral honetako kontrol saioan. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak adierazi duenez, lan gatazkei emandako erantzuna ez da poliziala, «dimentsio anitzekoa» da, enpresentzako laguntza programekin-eta. Adierazi du urtarriletik hona Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lan gatazkekin lotutako 1.300 manifestazio baino gehiago jakinarazi direla, eta horien% 99,9an Ertzaintzaren jarduera presentziala izan dela, «ia esku hartze eraginkorrik gabe, segurtasun publikoa bermatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.