Okerrera egiteko kezka dute

Aiaraldeko egoera ekonomikoari «kezkagarri» iritzita, sindikatuek lanuztera eta mobilizaziora deitu dute eskualdean, gaurko. «Enplegu eta bizitza duinak» izateko eskubidea aldarrikatuko dute. Pandemiak areagotu egin du lehendik zetorren krisia, eta alkateek kezka dute ez ote den egoera areago makurtuko.

Tubacexeko langileak greba mugagabean dira otsailaz gerotik. Datorren astean amaituko da negoziaziorako epea. ARITZ LOIOLA / FOKU.
aitor biain
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Tubacexek jarri du hizpidea azken asteetan bereziki, baina izozmendiaren muturra baino ez da; ataka estuan diren beste enpresa batzuk ere badira Aiaraldean: Valpospain, Tubos Reunidos... Arabako ipar-mendebaldeko eskualde horretako enpresa nagusienak dira, eta alarma piztu du horrek, zuzeneko ondorioez gain, zeharkakoak ere eragin ditzakeelako. Egoera «kezkagarria» dela ohartarazi dute ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek, eta protestak egingo dituzte gaur hori salatzeko: bi orduko lanuzteak eta manifestazio bana Amurrion eta Laudion. «Enplegu eta bizitza duinak» aldarrikatuko dituzte.

Baina auzia ez da berria Aiaraldean. COVID-19ak lehendik zetorren krisia areagotu besterik ez baitu egin. Euskal Herriko beste hainbat eremutan gertatu den moduan, industria sektorearen eraldaketak lehenik, eta Atzeraldi Handiak eta koronabirusaren krisiak ondoren, kolokan jarri dute eskualdearen bilakaera ekonomikoa. Arduraz begiratzen diete adierazle askori egun: langabezia tasa, enpleguaren prekaritatea, despopulatzea, langileen formakuntza falta... Baina, batez ere, enpleguaren arazoak okerrera egiteko beldur dira.

Amurrion eta Laudion dituzte egoitzak enpresa askok, eta bi herri horietako alkateek kezka azaldu dute azken hilabeteetan iragarritako kaleratzeak direla eta. «Oso kezkatuta gaude egoeragatik. Baina kezkatzen gaitu ez bakarrik Tubacexen edo Valvospainen enplegua galtzeak, baizik eta horrek guztiak inguruko enpresa txikietan eta ertainetan eragin dezakeen domino efektuak. Kolpe latza da; kezkagarria», azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak (EAJ).

Bat egiten du kezka horrekin Laudioko alkateak ere. Ander Añibarrok (EAJ) eskualdeko enpresak bizitzen ari diren egoeran jarri du arreta, baina adierazi du «goiz» dela oraindik pandemiak udalerrian izan ditzakeen benetako ondorioak neurtzeko. «Egoera zailean bizitzen ari dira batzuk COVID-19aren ondorioz, eta beste batzuk, aldiz, beren egitura antolaketagatik. Baina denek kezkatzen gaituzte».

Aceros de Llodio, Lipmesa, Vicalde... aurrez ere antzeko egoera bizi izan dute Aiaraldean. Horregatik, krisia estruktural bilakatuko den beldur dira erakundeetako ordezkariak. «Egia da Laudio, gaur egun, Euskadiko udalerririkzaharkituenetako bat dela, eta erkidegoko langabezia tasarik handienetakoa duena. Eta egungo egoerak ez du datu horiek hobetzen laguntzen», adierazi du Añibarrok.

Izan ere, langabezia tasa da,gaur-gaurkoz, adierazlerik kezkagarrienetako bat. Azken hilabeteetan nabarmen jaitsi bada ere, herrialdeko batezbestekotik gora dago oraindik ere: %12 inguru da egun, baina %16ko tasa ere izan zuen 2019an. Aurreikuspenak beltzak dira, nolanahi ere. Alkateek gogorarazi dutenez, batez ere emakumeak eta gazteak dira eskualdean lanik gabe daudenak. Emakumeen kasuan, gainera, 50 urtetik gorakoak dira asko. «Oso zaila da hor eragitea. Administrazio gisa zerbait egin dezakegu, baina inoiz ez da izango %16ko langabezia iraultzeko adina. Hori arlo pribatutik etorri behar da, eta oso zaila da oraintxe bertan», esan du Molinuevok.

Legebiltzarrera begira

Aiaraldeko egoera sozioekonomikoa aztertu eta suspertzeko batzorde bat martxan dago Eusko Legebiltzarrean, hain zuzen. Iazko legealdian abiatu zuten, EH Bilduren ekimenez, eta berriz heldu diote legealdi berria hastearekin batera. Harrezkero, hainbat eragile, ikerlari, elkarte, erakunde eta herritako alkateek parte hartu dute. Eguberrien aurretik egin zuten agerraldia Molinuevok eta Añibarrok. Baikorrak dira bertan adostu daitezkeen lan ildoei dagokionez. «Aurrez beste eredu batzuk ere izan dira, eta gidalerro batzuk adostu zituzten orduan ere. Orain ere hala egitea espero dugu», adierazi du Amurrioko alkateak.

Nolanahi ere, argi dute ildo horiek luzera begira landu beharrekoak izango direla eta ,bitartean, berehala martxan jarri ahal izateko neurriak behar dituztela. Hasiak dira horretan, alkateek esan dutenez. Eta bide horretan, begi onez hartu dute, Arabako Foru Aldundiak lanbide heziketa eskualdeko enpresen beharretara egokitzeko egindako proposamena. «Funtsezkoa da hezkuntzan eta prestakuntzan aurrera egitea, eskualdeko errealitatera egokitzen diren lanbide soslaiak sortzeko», azpimarratu du Laudioko alkateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.