Kirola

Hasi da aurtengo Lilatoia

Iaz 6.300 emakumek hartu zuten parte ohiko lasterketan, eta aurten 5.703k eman dute izena aurtengo aldi berezian korrika egiteko.

jon ordonez garmendia
2021eko martxoaren 5a
13:01
Entzun

Bart amaitu zen aurtengo Lilatoian izena emateko epea, eta 5.703 korrikalarik eman dute izena. Gaurtik igandera jokatuko da aurtengo ezohiko lasterketa. «Lasterketa birtuala» deitu diote antolatzaileek, ez baita kirolarien arteko aurrez aurreko karrera bat izango, baina korrika egin, egingo da: korrikalariek nahi duten lekuan bost kilometroko ibilbide bat, laua, osatu beharko dute lau eguneko tarte horretan. Areto itxi batean edo zintan aritzeak ez du balioko.

Izena eman dutenek RockTheSport Virtual aplikazioa jaitsi beharko dute Google Playn edo Apple Storen, korrika egin aurretik. Horien bidez jasoko dituzte denborak antolatzaileek, eta hala osatuko dute sailkapena. «Lortu duguna da gure sakelakoa txip bihurtzea», azaldu zuten aurkezpenean. Aurten, oinez edo ibilketa nordikoan arituz ere parte hartu daiteke. Beste hiru modalitateak hauek dira: korrika, patinak eta eskuko bizikleta.

Lilaton, aurten ere ON! da leloa, eta sare sozialetan #AurtenEreOn traola ari dira erabiltzen. Antolatzaileek dei egin dute dortsala inprimatu eta aurreko karrera bateko elastikoan jarrita korrika egiteko. Gainera, argazkiak atera eta eurei bidaltzeko ere eskatu dute, irudi horiekin bideo bat osatzeko.

Webgune ofizialean, antolatzaileek gogorarazi dute gizonek ezin dutela Lilatoian parte hartu, eta azpimarratu dute emakumeak soilik sartuko dituztela sailkapen ofizialean. «Ez dugu ahaztu behar ekitaldi honek berdintasuna aldarrikatzen duela bere lehen egunetik, eta egun honetan emakumearen protagonismoa funtsezkoa da desberdintasuna desagerrarazteko borrokarako; eta, horretarako, ezinbestekoa da gizonaren babesa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.