EUSKAL PRESOAK

Hiru euskal preso Euskal Herriratuko dituzte, eta bi hurbildu

Asier Karrera Arenzana Zaballara ekarriko dute, eta Mikel San Argimiro Isasa eta Aitor Esnaola Dorronsoro, Martutenera. Gorka Martinez Ahedo Lamatik El Duesora mugituko dute, eta Josu Ordoñez, Puerto Ietik Topasera.

Euskal presoen aldeko protesta bat, urtarrilean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 5a
15:03
Entzun

Espainiako Espetxe Erakundeek bertze bortz mugimenduren berri eman dute gaur: hiru euskal preso Euskal Herriko espetxeetara ekarriko dituzte, eta bertze bi, Euskal Herri ingurukoetara. Asier Karrera Arenzana, Mikel San Argimiro Isasa eta Aitor Esnaola Dorronsoro dira Euskal Herriratuko dituztenak: Karrera Zaballara ekarriko dute (Araba), eta San Argimiro eta Esnaola, berriz, Martutenera (Donostia). Aurrez Euskal Herri inguruko kartzeletan zeuden hirurak: Karrera Dueñasen dago gaur egun (310 kilometro), eta San Argimiro eta Esnaola, Sorian (260 kilometro).

Gorka Martinez Ahedo eta Josu Ordoñez, berriz, Euskal Herri ingurura hurbilduko dituzte, urrutitik: Martinez Ahedo Lamatik (Galizia, 740 kilometro) El Duesora mugituko dute (Kantabria, Espainia, 170 kilometro), eta Ordoñez, Puerto Ietik (Andaluzia, Espainia, 1.020 kilometro) Topasera (Salamanca, Espainia, 460 kilometro).

ETAko kide izatea leporatuta, zigor luzeak dituzte denek. Karrera Arenzanak 30 urteko zigorra du, eta 2000ko azarotik dago preso. 2023an beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. San Argimiro 2002tik dago preso, eta 25 urteko zigorra ezarri zioten. Beteak ditu zigorraren hiru laurdenak. Esnaola 2011tik dago preso, eta hemezortzi urteko zigorra du. 2024an beteko lituzke hiru laurdenak. Ordoñezek beteak ditu zigorraren hiru laurdenak. Martinez Ahedo 2002tik dago espetxean, eta 30 urteko zigorra du.

Pandemiarekin mantsotu egin dira euskal presoen lekualdaketak: aste honetan, erraterako, ez dute bat bera ere mugitu helmugako kartzelara. Dagoeneko 48 dira iragarpenak jaso bai baina hurbildu edo Euskal Herriratu ez dituzten euskal presoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.