Migratzaileak

106 migratzailek Irungo eta Hondarribiko aterpetxeetan igaro dute gaua

Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken egunetan elkartu diren migratzaile guztiak artatu dituzte, eta inork ez du gaua kalean pasatu. Jaurlaritzak kontingentzia plana aktibatu du.

Migratzaile talde bat Irungo kaleetan, 2018. urtean. GORKA RUBIO / FOKU
2021eko martxoaren 7a
13:41
Entzun

Irunen (Gipuzkoa) azken egunetan elkartzen ari den migratzaile kopurua gero eta handiagoa dela eta, Eusko Jaurlaritzak kontingentzia plana aktibatu du, horiei aterpe bat emateko. Hala jakinarazi zuen atzo Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak; zehazki, ohi baino 40 lo leku gehiago prestatu zituzten ostiralean Irungo El Peregrino aterpetxean, eta beste 50 pertsonarentzako lekua atondu zuten Hondarribian; baita Donostiako ikastetxe batean ere, migratzaile gehiago iritsiko balira. Jaurlaritzaren arabera, guztiek jaso dute arropa, musukoak eta eguneko hiru otordu biltzen dituen kit bana, eta inork ez du gaua kalean igaro.

Izan ere, azken egunetan, migratzaile ugari pilatzen ari dira Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Azaldu dutenez, magrebtarrak eta Saharaz hegoaldekoak dira gehienak, eta uste dute Kanariar Uharteetatik eraman zituztela Iberiar penintsulara, otsailean zehar; handik heldu ziren Euskal Herrira, Europa iparralderanzko bidean. Muga, ordea, itxita dago Lapurdi eta Gipuzkoa artean. 

Irungo eta Hondarribiko aterpetxeetan 106 lagunek pasatu dute gaua, tartean hamabost emakume eta hiru adingabe. Kalkulatzen dute, guztira, 150 pertsona inguru batu direla. Irungo Belaskoenea auzoko aterpetxeak ehun bat lagunentzako lekua izan ohi du —gaur 64 lagun jaso ditu—, baina, COVID-19aren izurriaren harira hartu beharreko neurrien eraginez, murriztuta zeukan ohe kopurua. Horiei «ohiko baliabideekin» erantzun ahal izan diela azaldu du Legarretak. Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Irungo, Hondarribiko eta Donostiako udalak elkarlanean ari dira baliabide horiek prestatzen.

Irungo erromesen aterpetxeak 30 lagun artatu zituen bart, eta Hondarribiko aterpetxeak, beste hamabi. 

Era berean, nabarmendu du, «pandemiaz eta mugimenduari ezarritako mugez harago, migrazioaren fenomenoak existitzen» jarraitzen duela, asteburu honetan Irunen gertatzen ari dena dela horren erakusgarria, eta horri «erantzun egoki bat» eman behar zaiola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.