Musika

ESAS Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea sortu dute, ikusgaitasuna xede

Euskal lurralde guztietako musikari profesional batzuek abiatu dute proiektua, baina musikaz haragoko diziplinetara heltzea da asmoa.

Euskal Herriko Gazte Orkestraren entsegu bat, abenduan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
itziar ugarte irizar
2021eko martxoaren 8a
13:40
Entzun

Emakumez osaturiko orkestra sinfoniko bat sortu beharko luketela. Asmo edo desira horrekin esnatu omen zen goiz batez Ane Legarreta (Galdakao, Bizkaia, 1994). Orkestra zuzendaria den aldetik, ederki ezagutzen du musikaren alorrean emakume modura gutxiengoan aritzea zer den. Ikusgaitasun falta zer den, eta baita erreferente falta ere, biak ala biak sorgin gurpila birarazten eta iraunarazten dutenak. Eta horren ondorioak: «Oraindik ere programazioetan emakumezko konpositoreen obrak gutxi direla, orkestra sinfonikoetan instrumentisten partaidetza eskasa dela, eta abar». Horren jakitun hasi ziren elkartzen Legarreta eta sektoreko beste zenbait musikari profesional, eta martxan jarri duten plataformaren berri eman dute gaur goizean: ESAS Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea.

Martxoaren 8a dela aprobetxatuz aurkeztu dute sarea gaur, baina Emakumeen Nazioarteko Egunaren oihartzunetik dezentez harago jardun gura du sareak, Legarretaren esanetan. Harago, bai denboran, bai eta jardun eremuan ere. Ikusgaitasunean eragin nahi dute batez ere, musikan ari diren emakumeen lana bistara ekarriz eta, horrekin batera, kulturaren arlo zabaleko genero arrakala ere agerian utziz.

Izan ere, egitasmoa musika klasikoan dabiltzan hainbat emakumek sortu badute ere, eta musika izango badute ere jardunaren ardatzean, kultur arloko diziplina gehiagotara heltzea da sareak hasieratik zehaztu dituen asmoetako bat. Legarreta: «Guk, musikariak izanda, gertuagotik ikusten dugu musikaren alorrean erreferente gehiago behar ditugula, eta daudenak ere, zoritxarrez, ez direla oraindik asko ikusten. Baina ez da soilik gurean gertatzen; horregatik diogu funtsezkoa dela kultur arloko beste diziplina batzuetako emakumeekin ere harremanetan jartzea eta sare handi bat osatzea». Hasiak dira horretan, aktoreekin zein kultur munduko bestelako profesionalekin hizketan, eta jaso duten babesa azpimarratu du Legarretak. «Guztiek esan digute ekimen polita eta beharrezkoa dela. Azkenean, kultur arloko emakume desberdinak lotuz eta elkartuz gauza handi bat egin ahal dugu, eta hau abiapuntua da».

Emakumeen orkestra bat

Orkestra zuzendari Legarretarekin batera, Paula Olaz konpositorea, eta Blanca Garcia de Amezaga, Garazi Navas, Laida Otadui, Mirari Etxeberria eta Natalia Sanchez instrumentistak ari dira hasiera honetan sarea artikulatzen. Lehen egitasmoen artean, eta Legarretaren lehen bulkada gogoan, emakumez osatutako orkestra sinfoniko bat sortzen hasi dira. «Oraindik», orkestra sinfonikoetan emakumeen lekua %30 inguru izan ohi dela ohartarazi du zuzendariak, eta badirela instrumentu jakin batzuk zeinetan nekeza den emakume bat ikustea. «Metaletan, esaterako, tubetan, tronboietan, edo baita perkusioan ere. Erreferente horiek behar ditugu; bilatu, eta elkartuko ditugu». Urratsak egiten segitzeko, entsegu leku baten eta diru laguntzen bila ari direla gehitu du.

Eta baita datu esanguratsu gehiago plazaratu ere. Esaterako, zinema industriarako soinu konposizioan ari direnen artetik %3 direla soilik emakumezkoak, eta egundo oraindik ez duela inoiz andrazko batek zuzendu Vienako Orkestra Filarmonikoaren Urteberri eguneko kontzertua.

Mugimendu batzuk ari dira gertatzen, ordea, eta emakumez osaturiko zenbait orkestra eta egitasmoren erreferentzietatik edan dutela ere aipatu du Legarretak, Galiziatik edo Madrildik. «Baina Euskal Herrian ere profesional asko gaude lanerako prest, eta bazen garaia norbaitek hau martxan jartzeko». Bidelagunak batzen hasi zaizkiela ere aurreratu du Legarretak, eta musikari profesionalengana bezala, ikasleengana ere joko dutela aurreratu. Haien arteko konplizitate giro bat sumatzen hasi direla dio: «Beharrezkoa da hori honetarako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.