FUTBOLA

Eusko Jaurlaritzako ordezkaririk ez da joango Espainiako Kopako finalera

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du zaleek ezin badute joan Sevillara (Espainia) haiek ere ez dutela han egon behar. 

Athleticek eta Realak denboraldi honetan San Mamesen jokatutako derbia. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Julen Etxeberria.
2021eko martxoaren 8a
20:11
Entzun

Eusko Jaurlaritzako ordezkari bakar bat ere ez da joango Realak eta Athleticek apirilaren 3an Sevillako (Espainia) Cartuja estadioan jokatuko duten Espainiako Kopako finalera. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du gaur hori. "Zaleek ezin badute joan, guk ere ez dugu han egon behar", esan du. Ikuslerik gabe jokatuko da finala, eta Zupiria ados azaldu da erabaki horrekin. "Horrela egin beharra dago", esan du.

Zupiria, halaber, ospakizun handirik ez egitearen alde azaldu da. Hain zuzen, Bilboko Itsas Museoak gaur jakinarazi du bihar gabarra ontziarekin proba bat egingo dutela, hura berritu ondoren, uretan ongi ibiltzen den edo ez jakiteko. Gabarra ontzia 1983an eta 1984an uretaratu zuten, Athleticek irabazitako azkeneko Espainiako bi ligak ospatzeko, eta jendetza bildu zen Ibaizabal ibaiaren inguruetan. Ordutik, ez dute berriro uretaratu halako ospakizunen bat egiteko. Itsas Museoak zehaztu du administrazio izapide bat dela bihar egingo dutena. Hala ere, Zupiria halakoen kontra azaldu da. "Nonbait irakurri dut gabarra probatuko dutela. Ez hondoratzeko izatea espero dut, eta ez ospakizun baterako prestatzeko. Uste dut ez dugula ospakizun jendetsurik sustatu behar; ez da horretarako garaia".

Realak eta Athleticek apirilaren 3an jokatuko dute finala Sevillan. Partida hori iazko apirilaren 18an zen jokatzekoa, baina bertan behera geratu zen, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun egoera dela eta. Bi klubek akordioa lortu zuten ikusleek harmailan egoteko aukera izan arte finala ez jokatzeko, baina osasun egoerak ez du horretarako aukerarik eman, eta, azkenean, ikuslerik gabe jokatuko da finala. Talde zuri-gorriak Kopako bi final jokatuko ditu bi astean, apirilaren 17an denboraldi honetakoa jokatuko baitu, Cartujan berriro, baina Bartzelonaren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.