Kopako finala

Kopako finalerako elastikoa aurkeztu du Realak

Lau marra urdin ditu aurrean, eta hiru atzean, apirilaren 3ko Athleticen aurkako finalera iristeko egindako bideari erreferentzia eginez, guztira zazpi partida jokatu baitzituen.

ainara arratibel gascon
2021eko martxoaren 9a
15:55
Entzun

Hilabete baino gutxiago falta da Realak eta Athleticek Espainiako Kopako finala jokatzeko Sevillan, eta pixkanaka ari dira argitzen horri begirako xehetasunak. Hala, Realak gaur aurkeztu du egun horretan eramango duen elastikoa. Sare sozialetan aurkeztu du, eta Asier Illarramendi, Mikel Oiartzabal, Mikel Merino eta Alexander Isak arduratu dira horretaz. Kamiseta berezia da, eta finalera iristeko aurreko sasoian Realak egindako bideari egiten dio erreferentzia. Zure bidea, gure bidea leloarekin egin du aurkezpena.

Kamisetak urre koloreko detaileak ditu, eta, zuriarekin tartekatuta, lau marra zuri urdin ditu aurrean, eta hiru atzean. Hain zuzen ere, Realak finalean egoteko jokatu behar izan zituen partidak izan ziren: Becerril, Ceuta, Espanyol, Osasuna, Real Madril eta Mirandesen aurkakoak. Azken aurkari horren kontra joan-itzulikoa izan zen kanporaketa. "Zazpi marra, zazpi oroitzapen", dio Realak aurkezpen oharrean. Ikurrina du elastikoak lepoan eta mahuketan.

Aurkezpen bideoan, gogora ekarri dituzte Mirandesen aurkako itzulerako partidaren ondoren Imanol Alguacilek taldeari eskainitako animo oihuak. Elastiko kopuru murritz bat atera dute, eta jada lehen egunean dozenaka zale joan dira Realaren dendetara erostera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.