Hilberria

Pepe Rei hil da, ikerketa kazetaritzaren aitzindaria Euskal Herrian

Auto istripu baten ondorioz, hogei urte eman zituen kazetaritzatik urrun, baina 80ko eta 90eko hamarkadetan ikerketa kazetaritzaren aitzindaria izan zen Euskal Herrian.

Pepe Rei, 2013an. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
gotzon hermosilla
2021eko martxoaren 9a
17:03
Entzun

Pepe Rei idazle eta kazetaria (Cenlle, Galizia, 1947) hil da Donostian, 2002an izan zuen trafiko istripu larriaren ondorioak urte askoan pairatu ondoren. Istripua izan zuenetik kazetaritza utzi behar izan zuen, eta erretiraturik bizi zen, baina aurreko hamarkadetan ikerketa kazetaritzaren aitzindaria izan zen Euskal Herrian: Egin egunkariko ikerketa taldeko buru izan zen, Ardi Beltza aldizkariko zuzendaria, eta bere garaian ustelkeriaz, droga trafikoaz eta Guardia Zibilaren jarduerez argitaratu zituen lanek zalaparta handia eragin zuten; behin baino gehiagotan, debekuak, eraso pertsonalak eta espetxealdiak ere ekarri zizkioten.

Galizian jaio zen, 1947an; gazterik hasi zen kazetaritzan, eta Galiziako eta Espainiako zenbait egunkari eta aldizkaritan lan egin zuen, 80ko hamarkadan Euskal Herrira iritsi zen arte. La Voz de Euskadi egunkarian eta Interviú aldizkarian jardun zuen, eta 1988an Egin egunkarian sartu zen.

Garai hartan Egin egunkariak ikerketa kazetaritzaren alde egindako hautuaren eragile nagusietako bat izan zen Rei, eta, egunkariak ikerketa taldea eratu zuenean, hura izendatu zuten taldeko buru. Erreportaje eta informazio ugari argitaratu zuen ustelkeriaz eta droga trafikoaz, eta horrek zenbaiten aurkakotasuna ere ekarri zion. Garai hartan oso entzutetsuak izan ziren Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu Juan Maria Atutxarekin izandako liskarrak, eta EGI gazte erakundeak haren kontra zuzenduriko kanpainak.

Baina Reiren kontrako erasoak ez ziren soilik dialektikoak izan, eta 1994an Egin-ek Hernanin (Gipuzkoa) zeukan erredakzioan haren bulegoa lehenengo aldiz miatu zutenetik, kereilak, miaketak, atxiloketak eta espetxealdiak ere pairatu behar izan zituen behin baino gehiagotan. Zenbait politikari jeltzalek begitan hartu zuten, baina Guardia Zibilak eta Enrique Rodriguez Galindo jeneral zendu berriak ere haren aurka egin zuten askotan, batez ere Guardia Zibilak Intxaurrondon (Gipuzkoa) egiten zituenei buruz argitaratutako informazioen harira.

Baltasar Garzon epailearen aginduz, Egin itxi zuten 1998an, eta horren ostean, 2000. urtean, beste proiektu batean engaiatu zen Rei, Ardi Beltza ikerketa kazetaritzan espezializatutako aldizkarian, hain zuzen, baina hura ere itxi egin zuen Garzonek, sortu eta gutxira. 2001ean, Reik bost hilabete eman zuen espetxean, eta 18/98 auzian auzipetua izan zen, baina, 2002an auto istripua jasan ostean, epaiketatik at gelditu zen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.