Lan gatazkak

Akordiorik gabe amaitu da Tubacexen negoziazioa

Langileen ordezkariek uko egin diote zuzendaritzaren azken proposamenari. Enplegu erregulazioa osorik gauzatuko duen edo ez erabakiko du enpresak orain. Batzordeak auzitara joko du. 

Tubacexeko langileeak protestan, aurreko astean Aiaraldea eskualdean egindako manifestazioan. MARISOL RAMIREZ/FOKU
aitor biain
2021eko martxoaren 10a
11:31
Entzun

Tubacexen enplegu erregulazioa adosteko negoziazioak ez du fruiturik eman. Akordiorik gabe amaitu da zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen arteko azken bilera ere. Azken unera arte egon dira mahaiaren bueltan bi aldeak, Bilboko NH hotelean, baina jarrerak urrun zeudela berretsi ondoren, amaitutzat eman dute bilkura. Gauzak horrela, enpresari dagokio enplegu erregulazioa osorik gauzatuko duen edo ez erabakitzea. Batzordeak dagoeneko aurreratu du neurria epaitegietara eramango duela.

Sarean eskegi duten bideo batean, Edurardo Ibernia Tubacexeko enpresa batzordeko presidenteak azaldu du zuzendaritzaren azken proposamena kaleratze boluntarioen baldintzak «zertxobait hobetzea» zela. Hori horrela, batzordeak «aho batez» erabaki du uko egitea proposamenari, kaleratze bakar bat ere onartuko ez zutela defendatu baitu hasieratik. «Etapa bat amaitu da, baina borrokan jarraituko dugu kaleratze bakar bat ere egon ez dadin» adierazi du.

Enpresak hamabost egun ditu orain kaleratzeen berri emateko, eta ikusi beharko da erregulazioa bere osotasunean gauzatzen duen ala ez. Hasieran, 150 behargin kaleratzeko asmoa azaldu zuen zuzendaritzak, baina 136ra murriztu zuen aurreko astean. Sindikatuek atzo iragarri zuten hamabi langilek hartu zutela erretiro aurreratua, eta beste hamabik onartu zutela lana borondatez uztea. Horrez gain, Aiaraldeko plantetako gainerako aldi baterako erregulazioan jarriko ditu: 800 langile ditu Amurrio eta Laudioko (Araba) bi plantetan, TTIn eta Aceralavan. 

Elkarretaratzea Bilbon
Enpresako arduradunek eta langileen ordezkariek azken bilera zuten gaur, negoziazio epea amaitu aurretik. Goizerako jarria zuten ordua, 10:30erako, baina langileek eserialdia egin dute Laudioko plantaren atarian, eta ez diete sartzen utzi. Hori horrela, zuzendaritzak Bilbora lekualdatu du bilera azkenean. 11:30ean zen hastekoa, NH Hotelean, kale nagusian. 

Aiaraldeko greba batzordeak Bilbora joatera deitu du berehala, eta langile batzuk ere bertaratu dira. Protesta egin dute hotelaren sarreran, baina ez da istilurik izan. Ertzaintzak une oro eraikinaren sarrera eta bilerara sartu diren langileen ordezkariak ere banan-banana identifikatu eta miatu ditu. 

Langileen ordezkariek bukatutzat eman zuten negoziazioa atzo, akordio bat lortzea «ezinezkoa» dela uste zutelako. Zuzendaritzak baztertu egin ditu sindikatuek egindako proposamenak, eta ez du txostena erretiratuko. Sindikatuek, berriz, ez dute kaleratze bakar bat ere onartuko, eta auzitara joko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.