Akordiorako zumerik gabe amaituko da gaur Tubacexen negoziazioa

aitor biain
2021eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Tubacexen enplegu erregulazioa negoziatzeko epea gaur bertan amaituko da, eta, itxura guztien arabera, akordiorik ez da izango azkenean. Zuzendaritzaren eta langile batzordearen arteko jarrerak urrun daude oraindik, eta ados jartzeko zumerik ez dago gaur-gaurkoz. Epea amaitu aurretik azken bilera egingo dute bi aldeek, baina sindikatuek «ezinezko» ikusten dute ezer sinatzea, eta uste dute kaleratzeak saihesteko auzitara jo beste aukerarik ez dutela.

Langileen ordezkarien arabera, zuzendaritzak baztertu egin ditu sindikatuek egindako proposamenak, eta ez du txostena erretiratuko. Aitzitik, kaleratze boluntarioen baldintzak hobetzea proposatu die. Hain zuzen, hamabi langilek hartu dute erretiro aurreratua, eta beste hamabik onartu dute lana borondatez uzteko eskaintza; LABen arabera, zuzendaritzak atzera bota ditu horietako biren eskaerak. Horiek hala, 114 langileri eragingo lieke erregulazioak.

Akordiorik ez badago, halere, enpresari dagokio enplegu erregulazioa osorik gauzatuko duen edo ez erabakitzea. Hasiera batean, 150 behargin kaleratzeko asmoa azaldu zuen zuzendaritzak, baina 136ra murriztu zuen aurreko astean. Horrez gain, Amurrio eta Laudioko (Araba) plantetako gainerako ia 700 langile aldi baterako erregulazioan jarriko ditu.

Langileek adierazi dute kaleratzeen aurka salaketak jarri artean protestekin jarraituko dutela. Otsailaren 15az geroztik greba mugagabean daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.