Euskara

Hizkuntzen ofizialtasunaren aldeko estatutu erreformak sustatzea eskatu du Espainiako Kongresuak

Berezko hizkuntza gutxituen aldeko legez besteko proposameneko zazpi puntutatik hiru onartu ditu Espainiako Kongresuak. Kontseiluak dio berdintasunetik urrun dagoela egoera, «baina atea irekitzea lortu» dela.

jarraia194838.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko martxoaren 11
18:17
Entzun

Asteartean iritsi zen eztabaida Espainiako Kongresura. Abenduan, berezko hizkuntza gutxituen aldeko eragileen ekimenez erredaktatutako legez besteko proposamen bat erregistratu zuten hamar alderdi politikok; herenegun eztabaidatu zuten, eta gaur egin dute bozketa. Testua ez dute bere osotasunean bozkatu, puntuz puntu baizik. Zazpi atal zituen proposamenak, eta horietatik hiru onartu ditu Espainiako Kongresuak. Horietako puntu batek hala eskatzen dio Espainiako Gobernuari: «Berezko hizkuntzen ofizialtasunerako estatutu erreformak bultzatu eta babestea, hizkuntza horiek ofizialak ez badira hitz egiten diren lurraldearen zati batean edo lurralde osoan». Hau da, hizkuntzen ofizialtasuna sustatu dezala eskatu dio Kongresuak Espainiako Gobernuari, eta ikusi beharko da puntu horren eragina Nafarroako Parlamentura iritsiko ote den.

Onartutako beste puntu batek eskaera hau egiten du: «Eremu linguistiko bereko lurraldeen arteko hizkuntzen administrazio erabilera ahalbidetu dezala, muga administratiboen barruan eta kanpoan, oztoporik gabe eta eremu linguistiko horien barruan hedabideak hartzeko akordioak sinatuz». Hirugarrenak, azkenik, gobernuari dei egiten dio hizkuntzak «benetan» errespeta ditzan, «eskubideetan eta betebeharretan», eta estatuko botere guztien konpromisoa eskatzen du.

Erabakiaren berri jakin bezain pronto, Euskalgintzaren Kontseiluak ohar bat bidali du —proposamenaren sustatzaileetako bat izan da aragoieraren, asturieraren, katalanaren eta galegoaren aldeko eragileekin batera—. Paul Bilbao idazkari nagusiak aitortu du testuak zituen «egiturazko eskaerak kanpoan geratu direla». Horregatik dio egoera oraindik urrun dagoela eragileek eskatzen duten askatasunetik, demokraziatik eta berdintasunetik. «Gobernuak etxeko lan asko ditu oraindik herritarren arteko berdintasuna bermatuko badu».

Kongresuko eztabaidan testuaren aurkako jarrera azaldu zuen PSOEk, eta gaurko hiru puntuek sozialisten aldeko botoa jaso dute —azken puntuan Voxek bakarrik bozkatu du aurka—. Bilbaok onartu du azken ordura arte hainbat testu aurkeztu zizkiela eragileek PPri eta PSOEri —proposamenari zuzenketak aurkeztu zizkioten bi alderdiek—, baina akordioa ez zen posible izan. «Eztabaida hasi baino bost minutu lehenago eman genituen bukatutzat elkarrizketak; hain zuzen ere, alderdi sozialistak hizkuntza berdintasuna kontzeptua kentzeko eskatu zigunean. Jakinarazi genien marra hori ez genuela gaindituko, kontuan hartuta haien proposamenaren hainbat elementu txertatu genituela».

Legez besteko proposamenaren aurkako jarrera azaldu zuten sozialistek eztabaidan, eta gogorarazi Espainiako Konstituzioaren aurkakoak zirela hainbat neurri. Baina Bilbaok uste du gaur hiru puntu onartu izana gizarte eragileen presioari esker izan dela. «Finean, gizarteak ez luke ulertuko beste eremu batzuetan berdintasunaren alde dagoen alderdiak jarrera hain itxia izatea». Proposamena sustatu zuten eragileek bozketa baloratzeko bilera bat egingo dute datozen egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.