Hizkuntza gutxituen aldeko testua baztertu egingo du Espainiako Kongresuak bihar

Legez besteko proposamenak hamar alderdiren babesa du, eta sozialistekin erdibideko akordio bat negoziatzen ari dira. Kontseiluaren ustez, demokraziaren aldeko testu bat da

BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Berezko hizkuntza gutxituak sustatzeko legez besteko proposamenari bizkarra emango dio Espainiako Kongresuak. Atzoko bilkurako eztabaidan alderdiek euren jarrerak argitu zituzten, eta proposamena erregistratu zuten hamar alderdiek ez zuten beste babesik lortu. PSOEk eta PPk zuzenketa bana aurkeztu zuten, baina proposamenak Espainiako Konstituzioan lekurik ez duela esanez errefusatu zuten testua sozialistek. Bihar egingo duten bozketarako erdibideko akordio bat negoziatzen ari dira PSOErekin.

Iazko otsailean abiatu zuen ibilbidea atzo eztabaidatutako proposamenak. Orduko hartan, hizkuntza aniztasunaren kudeaketa egokia bermatzeko neurriak hartzea galdegin zieten alderdi politikoei hizkuntza gutxituen aldeko eragileek. Sinatzaileen artean zeuden honako hauek: Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalizacion Linguistica, Accio Cultural del Pais Valenciá, Ciemen, Omnium, Plataforma per la Llengua eta Euskalgintzaren Kontseilua. Hazi haren emaitza abenduan iritsi zen, hamar alderdi politikok erregistratu baitzuten oinarri horiek biltzen zituen legez besteko proposamena Espainiako Kongresuan —BNG, Compromis, CUP, EAJ, EH Bildu, ERC, JxCat, Mas Madrid, PDCAT eta Unidas Podemos alderdiek, hain justu—. EH Bilduren ekimenez iritsi zen eztabaida atzoko bilkurara.

Berezko hizkuntza gutxituetako eragile nagusiak Madrilera joan ziren eztabaida entzutera, eta goizean agerraldia egin zuten Kongresu atarian —Escola Valenciana eta Obra Cultural Balear ere batu zitzaizkien—. Paul Bilbao Kontseiluko idazkariak proposamena defendatu zuen, «demokraziaren alde urrats berri bat egiteko» aukera zelakoan: «Eztabaidaren muina hor kokatzen da: gizarte demokratikoago, berdinzaleago eta justuago bat eraikitzearen alde egitean».

Bilbaoren arabera, inoiz baino beharrezkoagoa da legez besteko proposamena onartzea. Martxoaren hasieran jakin zen Espainiako Gobernuak bizkar eman ziela Europako Kontseiluak hizkuntza gutxituen arloan egin zizkion gomendioei, nahiz eta Espainia Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren sinatzaile izan. «Horrek argi erakutsi du beharrezkoa dela egiturazko aldaketa, baldin eta estatuak berretsitako ituna beteko badu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.