Enpresak

Corrugados herrigunetik atera eta Trukutxora eraman nahi du udalak

Nagore Alkorta alkateak esan du Azpeitiko Udalak «borondate politiko osoa» duela industria jarduera leheneratzeko.

Corrugados Azpeitia, 2013an, itxi aurreko egunetan. JON URBE / FOKU
xabier martin
2021eko martxoaren 12a
12:53
Entzun

«Oraindik Cristian Lay enpresak plan ekonomikorik aurkeztu ez duen arren, lanpostuak sortzeko egon daitekeen balizko aukeraren aurrean, Azpeitiko udalean ahalegin guztia, esfortzurik handiena, egiten ari gara Corrugadosen jarduera industriala Azpeitian martxan jar dadin». Azpeitiko alkate Nagore Alkortak  (EH BIldu) garbi utzi du, gaur, «lanpostuak sortzeko helburuz, Corrugadosen irekiera bultzatu eta laguntzeko borondate osoa» duela udalak. Baina bide hori, berme juridiko, ingurumen baimen eta hirigintza arau guztiak «zorrotz beteta» egin behar dela, eta, hala, Alkortak udalaren proposamena jakinarazi du: Corrugadosen labe jarduera Trukutxo izeneko eremura eramatea; han dagoen azpiegitura ere Cristian Layrena da, ez alferrik. Kontua da azpiegitura hori ez zutela bukatu bere garaian.

Atzoko bileran, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Cristian Lay enpresako arduradunei proposamen hori helarazi zion udalak. «Badago aukera bat, erreala eta egingarria, eta hori da Azpeitiko udalak mahai gainean jarri duena», esan du Alkortak.

Izan ere, proposamen hori Azpeitiko Udaleko EH Bilduren eta EAJren babesarekin onartutako Plan Orokorrean jasoa dagoela jakinarazi du alkateak. «Azpeitiak badu plan bat Corrugados martxan jarri ahal izateko. Horretarako prestatu zen Trukutxo eremua, eta hainbat instalazio jada eginda dauzkate». Alkortak erantsi du udalerri mailako plangintza horrez gain, Zarautz-Azpeitia eremu bitarteko Lurralde Plan Partziala ere aldatua dagoela (2009an), hain zuzen, Trukutxon jarduera hori ezarri ahal izateko. «Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak onarturikoa da, dagozkion sail guztien aldeko txostenak jaso ondoren».

Gatazka politikoa martxan

Hala, Azpeitiko Udalak garbi utzi du Corrugadosek bere jarduera abiarazteko, Trukutxoko azpiegitura bukatu eta egokitu beharko lukeela, betiere labeen jarduera hori herrigunetik ateratzeko. Azpeitiko Corrugados erdigunetik hurbil dago, eta, luze gabe, haren inguruan etxebizitzak eraikitzeko proiektu bat onartu dute. Dena den, Alkorta alkateak uste du «aukera erreal eta egingarria» duela Udalak, «berme guztiak eskaintzen dituena».

Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiari «elkarlanean aritzeko» eskua luzatu dio Azpeitiko Udalak, baina Corrugadosen ustezko irekitzea gatazka politiko argia eragiten ari dela begien bistakoa da. Gaur bertan Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiaren hitzek ez dute zalantzarako tartetik uzten: «Enpresa bat etortzen denean lanpostuak sortzera, eta etorkizuneko proiektu batekin, administrazio gisa ahal den guztia egin behar da hori gauzatu dadin. Udalaren teilatuan dago pilota».

Tapiak esan du CA taldeak garbi utzi duela Azpeitiko Corrugadosen hasi nahi duela jarduera, eta «borondate politikoarekin» hori lortu daitekeela uste du. «Enpresa hori inbertsioak egiteko prest azaldu da ingurumen baimena lortzeko. Baina ezin dena da enpresa kanpora atera orain, oso luze joko lukeelako edozein aukerak».

Legearen aurka ez

Bada, oso bestela ikusten du auzia Alkorta alkateak:  «Herrigunean labeak piztearen aukeraren inguruan, txoten teknikoen zain gauden arren, ia ziurtzat jo dezakegu herriguneko instalazio industrialak erabiltzeko berme juridiko eta urbanistikorik ez dela izango». Eremu hori etxeak egiteko izendatu zen Plan Orokorrean, eta hark EAJren adostasuna izan zuela gogoratu du Alkortak. «Beraz, txosten teknikoek zehaztuko duten arren, uler daiteke jarduera industriala ez dela bateragarria Plan Orokorrarekin».

Azpeitiko Udalak ezin duela legearen kontra jo garbi utzi nahi izan du Alkortak. «Ez Azpeitiko alkateak, ez udal gobernuak, ezta udalbatzak aho batez onartuta ere, ez daukagu herrigunean industria abiarazteko baimena ematerik, jarduera hori ez delako bateragarria Plan Orokorrarekin. Legez kontrakoa litzateke». Alkortak uste du ez dela zilegi «udalari legea hauts dezan eskatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.