Azpiegiturak

Obra hasi, baina «arazoa ez da konpondu», N-121-A bideko hautetsientzat

Uharte eta Bera arteko 23 alkatek eskatu dute kamioiak errepide horretatik ateratzeko; Ezkaba eta Olabe artean hasi dituzte lanak, 8 milioi euroren sailarekin.

N-121-A errepidea 2+1eko bide bilakatzeko lanak, Ezkaba eta Olabe artean. BERRIA
edurne elizondo
2021eko martxoaren 13a
08:09
Entzun

Nafarroako Gobernuak, eta Uharte eta Bera arteko zenbait alkatek hagitz iritzi ezberdina dute N-121-A errepidea 2+1eko bide bilakatzeko hasi dituzten lanei buruz. «Obrek lurraldearen kohesioari eta segurtasunari eginen diote mesede», erran du Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek. Igantziko alkate Juankar Unanuak, berriz, garbi du lan horiek ez dutela «arazoa» konponduko. Bertze 22 alkaterekin batera sinatutako gutun baten bidez, salgaien nazioarteko garraioa N-121-A errepidetik ateratzeko eskatu du, «kamioiak baitira arazo nagusia».

Duela hilabete hasi zituzten obrak N-121-A errepidean. Bost zatitan eginen dituzte lan horiek. Ezkaba eta Olabe artekoa da lehenengoa —8 milioi euroren aurrekontuarekin, eta Nafarroako Gobernuaren asmoa da udazkenerako amaitu ahal izatea.

«Korrika eta presaka hasi dira, Espainiako Gobernuak emandako 10 milioi euro bazituztelako; Bortzirietako zatiko lanen planaren berri eman digute, eta garbi dago dena zehazteke eta lotzeke dutela oraindik», salatu du Unanuak.

Igantziko alkateak oroitu du hamar urte baino gehiago direla N-121-A errepideak ukitzen dituen herrietako biztanleak kexu direla. «Errepidea moldatu zutenetik, erabiltzaileen kopurua bikoiztu da, eta gora egin du, bereziki, kamioien kopuruak», erran du. Herritarrak behin baino gehiagotan atera dira karrikara, Nafarroako Gobernuari konponbide bat eskatzeko. Iazko otsailaren 28an, adibidez, 1.500 pertsonak baino gehiagok egin zuten protesta Beran, «segurtasuna» eskatzeko.

Nafarroa iparraldeko herriak hiriburuarekin lotzeko errepide nagusia da N-121-A. 1997an inauguratu zituzten Almandozko eta Belateko tunelak. Azpiegitura hobetzeak ekarri du Belateko mendateko bide zahar eta bihurgunetsua bazter uzteko aukera; eta ekarri du, halaber, ibilgailuen kopuruak nabarmen gora egitea. Egunean, batez beste, 11.000 ibilgailu pasatzen dira bide horretatik, eta astunak dira haietako 2.800 inguru, Nafarroako Gobernuko azken datuen arabera.

«Adabaki bat»

Nafarroako Gobernuko agintarien hitzetan, errepidea 2+1eko bide bilakatzeak konponduko ditu gaur egun dauden segurtasun arazoak. 2+1eko bide bihurtzeak erran nahi du errepidea noranzko biko galtzada bat izanen dela, eta erdian dagoen erreia aurreratzeko baliatuko dela tarteka noranzko batean, eta tarteka bertzean, erdibitzaile batek bereizita. «Egoerak pixka bat hobera egin dezake, baina adabaki bat bertzerik ez da; ez da nahikoa», berretsi du Unanuak.

Izan ere, Igantziko alkateak oroitu du Nafarroako Gobernuak Leitzarango autobidea hartzera behartu zituela kamioi gidariak 2018an, sei hilabetez Belateko eta Almandozko tunelak obrak egiteko itxi zituztenean txandaka baino ezin zuten joan Belateko mendatetik, matrikulako zenbakiaren arabera. «Aukera badute, zergatik ez dute egiten?», galdetu du.

N-121-A errepidean bide mozketa, iazko otsailean, Beran, 'Segurtasuna gure lehentasuna' lelopean. IÑIGO URIZ / FOKU

Igantziko alkatea eta inguruko herrietakoak ez dira kexu agertu diren bakarrak. Uharteko alkate Alfredo Arruizek ere sinatu du N-121-A errepidearentzat «behin betiko konponbidea» eskatzen duen agiria. Herri horretan protestara deitu zuten 2020ko martxoan, baina elkarretaratzea hutsean gelditu zen, koronabirusak eragindako osasun krisiagatik alarma egoera ezarri zutelako astebete lehenago. Asmo horri eutsi diote herrian, halere, eta, «ahal bezain pronto», bizilagunak protestara deituko dituztela erran du Arruizek.

«N-121-A errepideko arazoak gureak ere badira, gu baikara errepide horretako zero kilometroa. Iruñerrian erronda ez duen herri bakarra da gurea, proiektua duela hamabost urte onartu zuten arren», salatu du Uharteko alkateak.

PA-30 errepideak zeharkatzen du herria, N-121-Arekin bat egin aurretik. Itaroa urbanizazioa merkataritza gunearekin lotzeko pasarela bat egitea onartu du gobernuak orain, baina alkateak garbi erran du ez dela nahikoa. N-121-Ako lanak «arazoa konpontzeko» balia ditzatela eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.