Euskal Herrian ere AstraZenecaren txertoa jartzeari utzi diote

Hego Euskal Herrian, bi astez ezingo dute jarri txerto hori; Ipar Euskal Herrian, berriz, bihar arratsaldera arte baztertu dute, gutxienez. Frantziak, Espainiak, Italiak eta Alemaniak «prebentzioz» erabaki dute AstraZeneca botika etxearen txertoa ez jartzea, nahi gabeko ustezko ondorioengatik.

AstraZeneca txertoaren bial bat. SERGIO G. CANIZARES
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko martxoaren 15a
16:09
Entzun

AstraZenecaren txertoaren kanpaina kolokan dago Europako Batasunean. Izan ere, atzo, Espainiak, Frantziak, Alemaniak eta Italiak eten egin dute txerto horren erabilera, ustez sortzen dituen nahi gabeko ondorioak ikertu bitartean. Horrela, bada, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ere erabaki dute txertaketa behin-behinean etetea. Oraingoz, ez da kasu larririk egiaztatu Euskal Herrian, baina Espainiako Osasun Ministerioak jakinarazi du tronbosi kasu baten berri izan duela, eta haren irizpidea aintzat hartzea erabaki dute Osakidetzak eta Osasunbideak, Sendagaien Europako Agentziak erabaki bat hartu arte. Txertoa dagoeneko hartua dutenek tronbosi bat edukitzea ez dela gertagarria adierazi du Osasun Ministerioak.

Europako gobernuak behin-behinean eteten ari dira txertoaren erabilera, eta gero eta gehiago dira. Gaur Portugal izan da erabakia hartzen azkena, gauean. Alemaniako Gobernuak ere hala erabaki du arratsaldean, «oraingoz». Paul-Ehrlich medikuntza institutuaren arabera, «beharrezkoa da» Europan txertoa hartu duten pazienteekin «azterketa gehigarriak egitea». 

Zenbait oren geroago, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarri du bihar arte bederen eten egingo dutela txertoa; zehaztu zuen Sendagaien Europako Agentziak txertoaren nahi gabeko ondorioei buruzko txostena aurkeztu arte izango dela etena. Izan ere, arratsaldean bilera bat egitekoa du erakunde horrek, eta martxoaren 18an berriz bilduko da. «Zuhurtziagatik» hartutako erabaki bat dela azaldu du Macronek.

Espainiako Gobernuak, berriz, urgentziazko bilera batera deitu ditu erkidegoetako buruzagiak arratsaldean, eta bertan erabaki dute hamabost egunez uztea txerto hori jartzeari.

Agindua jaso ondotik, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak erabaki dute AstraZenecaren txertaketa behin-behinean etetea. Otsailaren hasieratik, Hego Euskal Herriko bi gobernuek AstraZenecaren 78.400 dosi jaso dituzte, eta horietatik %86 erabili dituzte, gutxienez, lehen dosia emateko (67.725). Gaur-gaurkoz, ez dute egiaztatu ondorio larririk duenik. Nafarroara gaur beste 3.200 txerto ziren iristekoak, eta Jaurlaritzak asteon 29.823 dosi jartzea aurreikusten zuen. 

Ez dira AstraZeneca txertoa erabiltzeari utzi dioten herrialde bakarrak; Danimarkak, Norvegiak, Herbehereek eta Islandiak erabakia hartu zuten lehengo astean. Atzo, Irlandak ere erabaki bera hartu zuen. Danimarkako Osasun Zuzendaritza Nagusiak iragan astean jakinarazi zuenez, behin-behineko erabakia da: hamalau egunerako hartu dute. Zuhurtziarako motibo bera azaldu dute hango iturriek ere. Azken egunotan, gainera, Italiak, Austriak, Estoniak, Lituaniak, Letoniak eta Luxenburgok AstraZenecarekin egitekoak dituzten txertaketa guztiak ez, baina sail batekin egitekoak bertan behera uztea erabaki dute.

Sendagaien Europako Agentziak hartuko duen erabakiaren zain daude herrialdeak, beraz. Europan txertoa jarri duten bost milioi pazienteen artean 30 tronbosi kasu atzeman dituzte, Sendagaien Europako Agentziaren arabera. Erakunde horretako iturriek zehaztu dute txertoa jarri dutenen artean tronbosi kasuen tasa ez dela «populazio osoan atzemandakoa baino handiagoa». Halere, gertatutakoa «zehatz-mehatz» aztertu behar dela azpimarratu dute. Edonola ere, txertoaren onurak izan ditzakeen kalteak baino nabarmen handiagoak direla erantsi dute.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak, berriz, «erabateko konfiantza» agertu du AstraZenecaren txertoarekin. Eta enpresak berak segurtatu du ez dagoela loturarik txertoaren eta tronbosi kasuen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.