Duela bi aste, bost lagun errefusatu behar izan zituen Baionako Pausa harrera guneak, bertako 120 tokiak hartuak zirelako. Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko mugako pasabideen itxierak eta kontrolen emendatzeak, gainera, migratzeko bide berriak irekitzea eragin du, kideen ustez. Krisi sanitarioarekin batera, Kanarietara heltzen hasi ziren etorkinak. Lucie Bortairu Diakite elkarteko lehendakariak eman du egoera horren berri, eta, azken asteotan Baionan gertatutakoari begira, kezka erakutsi du. «Azken hiru asteotan Kanarietatik errefuxiatu anitz heldu dira Baionara. Hegazkinez igorri dituztela diote, urririk, Kanarietatik Madrilera zuzenean. Ez dakigu nork antolatzen dituen bidaia horiek, baina instituzioek laguntzen dituztela pentsa daiteke». Ondorioz, Pausa aterpetxeak ondoko egun eta asteetan gainezka egin dezakeela uste dute elkarteetako kideek.
Ipar Euskal Herrira iristen diren etorkinek, gainera, «Frantziako Poliziaren egiteko molde bidegabeak» pairatzen dituzte. Francisco Rodriguez abokatuak egoera azaldu du: «Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal herriaren arteko mugan, legez kanpokoak diren egiteko moldeak baditu Frantziako Poliziak. Adingabeak berriro Espainiara igortzen dituzte. Errefuxiatuen eskubideak sistematikoki urratzen dituzte». Elkarteetako kideek bat egin dute azterketa horrekin. Azken asteetan kontrolak «izugarri emendatu» dira, muga inguruetan eta trenetan. Kasurako, iragan astean, gutxienez 30 lagun atxilotu ditu Frantziako Poliziak Baionako eta Bordeleko (Okzitania) tren geltokietan, Cimade elkarteak jakin ahal izan duenez. «Giza eskubideak eta zuzenbide internazionala urratzen ditu Frantziako Estatuak», Rodriguezen arabera.
Egoera horren aitzinean, heldu den larunbatean Baionan egitekoa den manifestaziora parte hartzeko deia egin dute. Askatasun murrizketen kontrako manifestazioa izango da, hainbat alderdi eta sindikatuk deituta. Cimade, Etorkinekin eta Diakite elkarteek ere parte hartuko dute, «errefuxiatuek pairatu behar dituzten egoerak salatzeko».
Elkartasun sareek Ipar Euskal Herriko instituzioei iristen den etorkin kopuruari aurre egiteko baliabideak eskatu dizkiete, baina ez dute erantzun «konkreturik» errezibitu, oraingoz.