Urkulluk ohartarazi du laugarren olatu bat etor daitekeela herritarrek «erantzukizunez» jokatzen ez badute

«Ez daukagu erabateko ziurtasuna esateko kutsatzeen kurbak ez duela gora egingo», adierazi du sare sozialetan.

Iñigo Urkullu lehendakaria, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR/ EFE
Edurne Begiristain.
2021eko martxoaren 17a
11:42
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak pandemia hizpide hartu du berriro sare sozialetan argitaratu duen idazkian. Ohartarazi du egoera epidemiologikoa «larria» dela oraindik, eta ezinbestekoa dela herritarrek «zorrotz eta erantzukizunez» jokatzea. Etorkizuna «ziurgabea» dela uste du lehendakariak, eta zaila dela aurreikustea zein izango den kutsatzeen bilakaera datozen hilabeteetan, asteetan edo egunetan. «Ez daukagu erabateko ziurtasunik esateko kutsatzeen kurbak ez duela gora egingo». Olatu bat bestearen atzetik etorri dela gogoratu du Urkulluk, eta ohartarazi laugarren olatu bat eragoztea herritarren esku dagoela. Datozen asteak erabakigarriak izango dira laugarren olatua saihesteko, nabarmendu duenez: «Egungo testuingurua ziurgabetasun handikoa da, eta une honetan ziurra den bakarra pandemiaren aurkako borrokan zorroztasunez eta konpromisoz jardutea da, bai indibidualki eta bai kolektiboki».

Datozen asteetan kutsatzeek zer bilakaera izango duten ez dago argi, baina Urkulluk esan du hainbat faktorek ziurgabetasuna elikatzen dutela: besteak beste, birusaren aldaera berriek, AstraZeneca txertoaren inguruan sortutako zalantza zientifikoek, beheranzko joeraren etena erakusten duten aldagaiek, inguruko herrialdeetan transmisioak izan duen gorakadak eta gizartea neurriekin «lasaitu» izanak. Txertoek itxaropenerako atea ireki duten arren, kezkatzeko motiboak oraindik badirela uste du lehendakariak, eta horien artean nabarmendu du osasun sistemaren gaineko presioa handiagoa dela: «Olatu honetan tentsio handiagoa pairatzen ari da». Hori dela eta, beste olatu bat etorriko balitz osasun sistema «inoiz baino tentsionatuagoa» egongo litzatekeela ohartarazi du.

Horiek horrela, lehendakariak herritarrei eskatu die neurri murriztaileak zorrotz betetzeko, besteak beste, harreman sozialak ahalik eta gehien murriztuz, jendez betetako toki itxiak ekidinez, eta ezinbestekoak ez diren joan-etorriak saihestuz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.