Ingurumena

Biziari eusteko estrategia bat

Tafallako Berdesia elkartea herritar talde batek sortu zuen, 2016an. 130 bazkide baino gehiago ditu egun. Lortu dute ingurumenarekiko beren kezka klima aldaketari aurre egiteko eta iraunkortasuna sustatzeko egitasmo integral bilakatzea: herria inguratuko duen basoa osatzen ari dira, auzolanean.

jarraia195268.jpg
edurne elizondo
2021eko martxoaren 21a
10:09
Entzun

Zenbait herritarren arteko proiektu txiki gisa sortu zena erakunde publikoen babesa jaso duen klima aldaketaren aurkako estrategia bilakatu da, bost urteko bidea egin eta gero: Berdesia du izena, eta Tafalla inguratuko duen baso bat osatzea du xede nagusi.

«Harresi berde bat eraiki nahi dugu, herritarren osasuna babesteko, biziari eusteko», erran du Berdesiako presidente Mauricio Olitek. Egitasmoa 2016an sortu zenetik ari da proiektuan lanean Olite, eta Berdesiaren hazia zuhaitz bilakatzen ikusteko aukera izan du; zenbait pertsonak egin zuten bat, hasieran, ahal zutenean eta ahal zuten tokian zuhaitzak landatzeko; lagun taldea elkarte bilakatu zen 2018an, eta, egun, 130 bazkide baino gehiago ditu. Hazten jarraitu nahi du.

Berdesiak segitzen du izaten herritarren artean sortutako eta herritarrek sustatutako egitasmo bat, baina urrats bat aurrera egin du aurten, Tafallako Udalaren eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolaketa, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentuaren babesarekin.

«Zuhaitzak landatzeko proiektu bat baino anitzez gehiago da Berdesia, egun. Klima aldaketari aurre egiteko eta iraunkortasuna sustatzeko estrategia integral bat garatu dugu», azaldu du elkarteko diruzain Jose Ignacio Intxaurrondok.

Duela bi urte egin zuen bat taldearekin Intxaurrondok, proiektuaren berri herriko prentsan jaso eta gero. Herritarren parte hartzeak duen garrantzia nabarmendu du, hain zuzen, Tafallako kolektiboak hasieratik izan baitira elkartetik bultzatutako auzolanetan parte hartzeko prest. Bere egin dute proiektua, eta bere egin dute hazten hasi den basoa ere.

Berdesiaren mintegia bilakatu da herritarrak inplikatzeko elkarteko kideen lanaren erdigune. Handik ateratzen dira herria inguratuko duen basoa osatuko duten zuhaitzak. «Guk egiten dugu prozesu osoa; haziak bilatu eta erein egiten ditugu, gero zuhaitzak landatzeko. Nagusiki, arteak eta erkametzak landatzen ditugu, bai eta hemengo bertze hainbat espezie ere, intxaurrondoak eta arbendolondoak, bertzeak bertze», azaldu du Olitek.

Herriko kolektiboen parte hartzeaz gain, Tafallako haur eta gazteena ere sustatu dute Berdesia elkarteko kideek. 2019an, hain zuzen ere, herriko eskoletan mintegiak jarri zituzten martxan, ikasleak prozesu osoan inplikatzeko asmoz: «Hazien bila joan, erein eta zuhaitzak landa ditzatela da asmoa». Iaz, koronabirusak eragindako osasun krisiak bertan behera utzi zituen eskolekin batera egin beharreko lanak, baina berriz ere ikastetxeetan aritzeko prest eta irrikan dira Berdesiako kideak. «Hagitz garrantzitsua da haurrek proiektuarekin bat egitea, haiek baitira etorkizuna».

Herri inguratua

Errepideak, autobideak eta trenbideak inguratzen dute Tafalla, bertzeak bertze. «Azpiegitura horien kalteak arintzeko neurririk ez da, ordea», salatu du Olitek. Datu bat jarri du erdigunean: autobidetik 20.000 ibilgailu pasatzen direla, batez bertze, egunean, eta haietako 5.000 inguru direla astunak. «Herritik entzuten da zarata».

Berdesia elkarteak eraiki nahi duen hesi berdearen helburua da azpiegitura horien eragina arintzea. «Babesgune bat sortzea, nolabait, herritarron eta azpiegitura horien artean», zehaztu du Olitek. Ez bakarrik hori: «Hesi berde hori erabili nahi dugu Tafalla herri iraunkor bilakatzeko; ekonomia zirkularra sustatu nahi dugu, herritarrak herrira lotzeko», erantsi du Berdesiako presidenteak. Turismoa bultzatzeko aukera aipatu du, bertzeak bertze, bideak markatuz.

Proiektua garatzen joan da, eta elkarteko kideek beren esku ez ziren baliabideak lortzeko beharra ikusi dute. «Finean, herritar soilak gara, eta zenbait kontutan ezagutza teknikoa behar da». Babes eta baliabide tekniko horiek Tafallako Udalak eta Nafarroako Gobernuak eman dizkiete Berdesiako kideei.

Adibide gisa, elkarteko kideek nabarmendu dute herri lurretan ari direla zuhaitzak landatzen, eta, horretarako, udalaren esku hartzea behar dutela. «Tafallako lurren %52 inguru herri lurrak dira; 4.000 hektarea baino gehiago», azaldu du Olitek. Arazoa da herri lur horiek hirigunetik urrun direla; hau da, basoa babes hesi bilakatzeko egon beharko lukeen tokitik urrun. «Ordua da arazo horri konponbide bat emateko, udalaren esku baita, adibidez, pribatuak diren labore lurrak herritik kanpo eramatea, eta herritik hurbilago direnak herri lur bilakatzea, basoa egiteko».

Horregatik, hain zuzen, jabe pribatuek proiektuarekin bat egitea garrantzitsua dela azaldu du elkarteko kide Intxaurrondok. Uste du herritarrek izan dutela aukera Berdesia ezagutzeko, eta ohartu direla herritar guztiei egiten diela on.

Basoen Nazioarteko Eguna

Martxoaren 8an, Tafallako talde feministetako kideekin aritu ziren Berdesiako kideak zuhaitzak lantzen; joan den igandean, berriz, Zuhaitzaren Eguna ospatu zuten, udalarekin batera. Gaurko ere antolatu dute Berdesiako kideek zuhaitzak landatzeko jardunaldia. Eta datorren igandeko Basoen Nazioarteko Eguna ospatzeko aukera izanen dute.

Nafarroako bertze herrientzat adibide bilakatu nahi dute, hazitik basoa sortzeko. Tafallan, jada, zuhaitz bat landatu dute biztanle bakoitzeko. Eta ez dute gelditzeko asmorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.