Albistea entzun

Musika

Musika Banden Euskal Federazioa sortu dute, jardunari ekin eta banden lana sustatzeko

Musika banden artean elkarlana landu, egungo egoera «desblokeatu» eta banden esanguraz ohartarazi nahi dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hogei taldek abiatu dute.

Pello Leiñena, Aritz Labrado eta Aitziber Atorrasagasti, gaur goizean, Donostiako Musikenen egindako aurkezpenean..
Pello Leiñena, Aritz Labrado eta Aitziber Atorrasagasti, gaur goizean, Donostiako Musikenen egindako aurkezpenean.. Musika Banden Federazioa Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko martxoak 22

Egon dira saiakerak lehendik ere, «baita [36ko] gerra aurretik ere», baina gaur artean ez da lortu han-hemengo musika bandak aterki berean bilduko zituen erakunde bat sortzerik. Orain arte. Eman berri baitute pausoa, pandemiak herriko musika banden eremuan izan duen eraginaz kezkaturik eta egoera urrats berriak egiteko akuilutzat hartuta. Musika Banden Euskal Federazioa jarri diote izena, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hogei bandekin jarri dute martxan oraingoz, Eusko Jaurlaritzaren, Musikeneren eta Eresbilen laguntzarekin. Aritz Labrado federazioaren lehendakariak aurreratu duenez, bi egiteko nagusi izango dituzte: luze gabe, pandemiak banden eremuan utzitako egoera «desblokeatzea», eta, luzera begira, sor daitezkeen proiektuetan eragitea, «musika banden lana sustatu, duindu eta haien lanak duen ekarpen sozial, kultural eta pedagogikoa aitortzeko».

Izan ere, Labradoren esanetan, «inork ez du zaindu» musika banden eremua pandemia abiatu zenetik honako denboran. Gogora ekarri du lehen hiletan «kultura, oro har, mapatik desagertuta» egon zela, eta aipatu du apurka zenbait talde jardunera itzultzen hasi baziren ere musika bandek zaila izan dutela: «Badira martxotik itzuli ez direnak, eta azarotik berriz etenda daude asko». Azaldu du oro har banda gehienak herritarrez osaturiko taldeak direla eta «amateurren» izendapena egokitu izan zaiela, eta izendapen horrek azken hiletan ezinezko egin diela jardunera itzultzea— amateurrek euren jarduera «debekatuta» baitute azarotik—.

Labradoren esanetan, ordea, musika bandek badute «instituzionalizazio maila bat», beste talde amateur batzuetatik bereizteko —«udalekin elkarlanean aritzen dira; askotan udalaren lokaletan entseatzen dute; zuzendarienak lanpostuak izan daitezke...» —, eta, hala, aurreratu du eurentzat propio diseinatutako protokolo bat landu dutela, Jaurlaritzari aurkeztu diotena, «semiprofesional» gisako izendapen bat eskuratu eta jardunera lehenbailehen itzultzen saiatzeko.

Ez baita huskeria musika bandek Euskal Herriaren historian izan duten lekua, Labradoren ustetan. Haien esangura azpimarratzeko, hainbat datu eman ditu federazioaren aurkezpenean: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 46 taldek eta 300 kidek baino gehiagok osatzen dute banden ehuna, eta, 2019an soilik, 600 saio egin zituzten eta milioi bat euro mugitu. Batik bat, banden antzinatasunean eta elkargune izaeran jarri du arreta: «Oro har, XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendean sortutako elkarteak dira. Izaera intergenerazionala izan dute beti; herrietako musikariak bildu izan dituzte, eta denboran zehar jende berria sartzen eta irteten joan da ordutik». Alde horretatik, «kohesio soziala bermatzen duten elkarteak» direla defendatu du Labradok: «Demokratizazioaren sinbolo ere badira bandak: herria bildu egiten da musikaren inguruan, kulturaren inguruan, herri izaera hori ere bermatzeko».

Orain artean udal banda hauek egin dute bat federazioarekin: Araiako, Laguardiako, Labastidako eta Laudioko udal bandek, Araban; Azpeitiako, Bergarako, Elgoibarko, Hernaniko, Legazpiko, Mutrikuko, Ordiziako, Urretxuko, Zumaiako eta Zumarragako udal bandek, Gipuzkoan, eta Areatzako, Getxoko, Leioako, Santurtziko eta Zornotzako udal bandek, Bizkaian. Bada, beren jarduera jarduera zabaltzea, haien lana «duintzea» eta instituzioekin bitartekari lana egitea ere izango du helburu federazio sortu berriak.

Azkenari lotuta, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura sustatzeko zuzendaria bat etorri da Labradoren esanekin, eta hiru hitz nabarmendu ditu: izaera, interlokuzioa eta ondarea. «Nor garen eta zer garen herri moduan, eta zer den gure kultura: hor gure bandek ere badute zer esana».

Ondarearen alde

Asmo nagusien artean jarri dute, halaber, musika bandek urteetan eratu duten ondarea berreskuratu eta babestea. Eresbil Musikaren Euskal Artxiboarekin elkarlanean ari dira horretarako, eta Pello Leiñena artxiboko zuzendariak aurreratu du datu base bat nahiko garatuta dutela. «Bandena herri bakoitzeko musika kultura bizia da, eta horrek balio oso handia dauka», nabarmendu du. Labradok aipatu duenez, partiturak, doinuak, dokumentazioa eta beste soilik ez, «ondare immateriala» berreskuratzea ere lehentasun izango dute: desagertuz joan diren bandak berriz martxan jartzea, esaterako. Bere kasua horixe izan da, hain justu: Zornotzako udal bandako zuzendaria da, zeina duela bi urte jarri zuten berriro martxan, urte luzez isilik egon ostean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Luigi Anselmi idazlea, bere lan berria esku artean duela, Donostiako Udal Liburutegi Nagusian, liburuaren aurkezpen egunean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Luigi Anselmi: Laguntasunari elegia bat

Naroa Torralba Rodriguez

Larrazkeneko argi-ilunetan poema liburua kaleratu du idazleak, Pamiela argitaletxearekin. Poema gehienak bere lagunei eskaini dizkie. Olerkien artean, Jose Enrique Urrutiaren irudiak daude tartekatuta
Arte Ederren udako ikastaroko antolatzaileak, atzo, Bilbon. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Bildumagintza pribatutik publikorako saltoa, Arte Ederren udako ikastaroan

Miren Mujika Telleria

Arteari eta bildumazaletasunari buruzko udako ikastaroa antolatu dute Bilboko Arte Ederren Museoak eta Gondra Barandiaran fundazioak
Maria Jimenez artistaren <em>Meditazioak</em> erakusketako hainbat lan, Nafarroako Museoaren kaperan. ©NAFARROAKO MUSEOA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.