Sagarduik esan du datorren astean hasiko direla 65 urtetik beherakoak txertatzen

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ohartarazi du bilakaera epidemiologikoa «hazkunde fasean» dagoela

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko martxoaren 23a
14:30
Entzun

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du 65 urtetik beherako biztanleria orokorraren txertaketarekin hasiko direla datorren astetik aurrera. Adin irizpideei jarraituko diete, beraz. Hori horrela, AstraZenecaren dosiekin txertatuko dituzte horiek, eta oraindik txertatzeko dauden funtsezko kolektiboen prozesuarekin batera egingo dute hori ere.

Bihartik aurrera hasiko dira berriz ere txerto horren dosiak banatzen Hego Euskal Herrian, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 27.000 dosi banatuko dituzte bihartik igandera bitartean, Sagarduiren arabera. «Lasaitasun mezua» zabaldu nahi izan du, eta azaldu du hiru lurraldeetan jarritako 53.000 dosietatik ez dela "kasu larririk" izan.

Ipar Euskal Herrian, 70 urtez gorako herritar guztiei irekiko diete txertaketa, larunbatetik aitzina. Hala jakinarazi du goizean Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Oraingoz, 75 urtez gorako herritarrek har dezakete txertoa, baita 50 urtez gorako pertsona zaurgarriek ere. Txertoa oraindik hartu ezin izan duten 75 urtez gorako herritarrentzako telefono linea berezi bat irekiko dute, «aterabideak ahalik eta azkarren» atzemateko.

Goranzko joera

Pandemiaren bilakaerak berriz piztu du kezka Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Sagarduik ohartarazi du bilakaera epidemiologikoa «hazkunde fasean» dagoela. Hori horrela, aurreikusi du datozen egunetan intzidentzia tasaren «igoera moderatuak» izango direla. 

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenok Sagarduik. Haren hitzetan, datozen egunetako bilakaera garrantzitsua izango da, Bizi Berri III planean aurreikusitako 100.000 biztanleko 60 kasuetatik «urruntzen» ari baitira hiru lurraldeak. Dena den, neurriak zorroztearen aurka azaldu da: adierazi du «indarrean daudenak mantendu» behar direla, datozen egunetako datuek gogortzea ekar badezakete ere. Gehitu du hori gertatuko balitz eta «igoera azpimarragarri» bat egongo balitz, lehendakariak Labi aholku batzordea biltzera deituko lukeela, «beharrezkoak diren neurriak» ezartzeko.

Horrela, neurriak betetzeko deia egin die herritarrei, batez ere mugimenduei dagokionez. Gogorarazi du Jaurlaritza beti azaldu dela «ahalik eta mugimendu gutxien» izatearen alde, eta, pandemiaren bilakaera kontuan hartuta, inguruko lurraldeei ere mugimenduak gutxitzeko deia egin die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.