Literatura

Maialen Berasategi Catalanek irabazi du IV. Donostia Kultura poesia lehiaketa

Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak antolatutako sariketak 35 urtetik beherako idazleen lana sustatzea du helburu. Berasategi Catalan zuzentzailea eta itzultzailea da BERRIAn.

Maialen Berasategi Catalan, artxiboko argazki batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
mikel lizarralde
2021eko martxoaren 25a
13:08
Entzun

Maialen Berasategi Catalanek irabazi du IV. Donostia Kultura poesia lehiaketa Altzarienean poema bildumarekin, eta, horrenbestez, Balea Zuriak argitaratuko du lana maiatzean edo ekainean. Lehiaketaren sari ekonomikoa 1.000 euro da, eta, horrez gain, Imanol Larrinagak poema sortako ale batean oinarritutako margolana jaso du Berasategi Catalanek, gaur Donostian egindako ekitaldi batean.

Maialen Berasategi Catalan (Gasteiz, 1989) itzulpengintzan eta interpretazioan lizentziaduna da, eta BERRIAko euskara taldean lan egiten du, zuzentzaile eta itzultzaile. Hau du lehenengo sormen lana, baina hainbat lan euskaratu ditu urteotan: besteak beste, Rebecca Westen Soldaduaren itzulera eleberria (Literatura Unibertsala, Erein-Igela) eta Adrienne Richen poema bilduma (Munduko Poesia Kaierak, Susa) eta Emakumeagandik jaioak: Amatasuna esperientzia eta instituzio gisa (Txalaparta, 2020) saiakera literarioa.

Itxaro Bordak, Eli Tolaretxipik eta Aritz Gorrotxategik osatu dute lehiaketako epaimahaia, eta, Gorrotxategik azaldu duenez, «aho batez» aukeratu dute Berasategi Catalanen poema sorta sariketara aurkeztu diren hamazazpi lanen artean. Aurkeztutako lanetako hamahiru emakumeek idatzitakoak izan dira, eta gainerako laurak, berriz, gizonezkoek idatzitakoak. Gorrotxategik adierazi du «sen poetiko handiko lana» dela irabazi duena: «Emakumetasunarekiko eta feminismoarekiko begirada freskoa erakusten du, baina lirikotasunari eutsita». Balea Zuria argitaletxeko arduradunak gaineratu du sumatzen dela Berasategi Catalanen lana euskararekin lotua dagoela: «Oso ondo idatzia dago [poema bilduma], eta ikusten da euskara tresnatzat duen norbaitek idatzia dela». Richen liburua itzuli zuen Berasategi Catalanek, eta, Gorrotxategiren iritziz, badira poeta estatubatuarraren lanaren oihartzunak poesia saria irabazi duen lanean.

Altzarienean izenburuarekin aurkeztu zuen olerki bilduma Berasategi Catalanek, baina gaur adierazi du liburura eramatean «ziur aski» beste titulu bat izango duela.

Donostia Kulturak eta Balea Zuriak DK Poesia saria antolatu duten laugarren aldia da hau. Aurreko irabazleak, hain zuzen ere, Esti Martinez Diaz de Zerio (Azalberritze bat, 2018), Gorka Salces Alcalde (Iraganaren izterrak, 2019) eta Lizar Begoña Madariaga (Aro beilegia, 2020) izan ziren.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.