Elkarlana

Arantzazulab aurkeztu dute, eraldaketa sozialera begira jarduteko laborategia

«Bizi dugun eraldaketa sakoneko garaian herri bezala ditugun gizarte erronka konplexuei ikuspegi berriarekin aurre egiteko xedea» duela nabarmendu dute.

Beste batzuen artean, Izaro Elorza Oñatiko alkatea (ezkerretik bigarrena), Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia (erdian) eta Naiara Goia Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko zuzendari nagusia (eskuinetik bigarrena). JON URBE, FOKU
2021eko martxoaren 25a
13:17
Entzun

Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiak, Arantzazulab-ek, gaur egin du bere aurkezpen ekitaldia Arantzazun, Gandiaga Topagunean (Oñati). Arantzazu Gaur Fundazioko kideek bultzatuta jaio da: Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Oñatiko Udalaren, Mondragon Korporazioaren, Kutxa Fundazioaren eta Arantzazuko Frantziskotar Probintziaren hauspoarekin, alegia. Eraldaketa sozialera bideraturiko ikerketa, esperimentazioa eta sozializazioa egiten ditu lau eremu nagusi hauetan: trantsizio ekologikoa, lana, elkarbizitza eta ongizatea. «Bizi dugun eraldaketa sakoneko garaian herri bezala ditugun gizarte erronka konplexuei ikuspegi berriarekin aurre egiteko xedea du laborategiak», nabarmendu dute ekitaldiaren berri emateko atera duten prentsa oharrean.

«Agenda publikoaren eta etorkizuneko erronken inguruan hausnartzeko eta esperimentatzeko gunea izan nahi du Arantzazulab-ek», erantsi dute. «Euskal gizartearen beharrizanak ulertuta, herritarren inplikaziotik helduko die gizarte erronkei, eragile ezberdinen arteko elkarlanetik abiatuta. Eta hori etengabeko ikasketa aktiboa sustatuz egingo du, ikerketaren bitartez, dinamika berriekin esperimentatuz eta lortutako ezagutza dibulgatuz». Nabarmendu dute Euskal Herri osoari begiratzen diola, Gipuzkoan sortua den arren.

Ekitaldian Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Izaro Elorza Oñatiko alkateak eta Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak parte hartu dute. Gizarte eragile, enpresa, unibertsitateak edota herrigintzaren, euskal pentsamenduaren, kulturaren zein euskalgintzako hainbat erakundetako kideak ere izan dira.

Arantzazuk Gipuzkoako gizartean eta, oro har, euskal gizartean izan duen garrantzia azpimarratu du Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak. «Pandemiak azaleratu duen moduan, arazo eta desafio konplexuei komunitate gisa aurre egitea eskatzen du egungo munduak. Horretarako, ezinbestekoa da gizarte eta ekonomia ehun sendo bat, erakunde eta eragile sare indartsu eta dinamiko batekin eta, batez ere, herritar ahaldundu eta parte-hartzailez osatutako gizarte batekin», adierazi du. Bestalde, Naiara Goiak, Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko zuzendari nagusiak, giza faktorea landu beharra azpimarratu du. «Egungo testuinguruak dituen konplexutasunen, ziurgabetasunen edota etengabeko aldaketen aurrean gizartea eraldatu egin behar da, eta gizakia aldaketetara egokitu nahi badugu, gizakia, norbanakoa eraldatzetik abiatu behar dugu», azaldu du.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.