EAJk eta PSEk pandemiaren aurkako lege egitasmoa erregistratu dute

Izurriaren aurka jarduteko «lege mekanismoak» izatea ekarriko du legeak, talde sustatzaileen arabera.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR/ EFE
Edurne Begiristain.
2021eko martxoaren 26a
13:05
Entzun

EAJk eta PSEk gaur goizean erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurrien lege proposamena. Lege horri esker, Eusko Jaurlaritzak «berme juridiko osoarekin» hartu ahal izango ditu birusa geldiarazteko egokitzat jotzen dituen erabakiak, talde proposatzaileek gaur jakinarazi dutenez. Haien arabera, autogobernuari «ahalik eta etekinik handiena» ateratzeko tresna da, eta izurriaren aurka jarduteko «lege mekanismoak» eskura jartzen dizkio Eusko Jaurlaritzari. «Arau hau idazteak oso argi uzten du ez gaudela edozein epidemia egoeratan aplikatu beharreko lege orokor baten aurrean. Pandemia honen premiazko beharrei erantzuten die, bereziki», esan dute EAJk eta PSEk.

Luis Javier Telleriak (EAJ) eta Ekain Ricok (PSE) sinatu dute lege proposamena, eta presaz tramitatzeko eskaera egin dute bi taldeek. Ondorioz, ohiko prozedurarako ezarritako denborak erdira murriztuko dira. Jeltzaleen eta sozialisten asmoa da ekinbidea Eusko Legebiltzarreko jarduna amaitu aurretik onartzea, hau da, ekainaren 24a baino lehen. Horretarako, ezarritako epe guztiak erdira murriztu beharko dira.

Lege egitasmoak sei titulu ditu, eta horietan aurreikusita daude bost agertoki, sei adierazle epidemiologiko, eta arrisku maila bakoitzari egokitutako osasun eta prebentzio neurriak. Eusko Jaurlaritzaren Bizi Berri Plana lege egitasmoan txertatuta dago, eta helburuen artean ezarri da 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 60 kasutik behera kokatzea. Helburu hori lortzeko pausoez eta COVID-19aren bilakaeraz hamabost egunean behin eman beharko dio Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrari, lege proposamenak jasotzen duenez. Halaber, arauak ezartzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan krisia kudeatzeko laguntza teknikoko talde bat eratuko dela, lehendakariak izendatuta eta gidatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.