Muniainek zaleekin batera ospatu nahi du Kopako finala, nola edo hala

Athleticeko kapitainak esan du sumatuko dutela zaleen falta finalean, eta zuhur jokatzeko eskatu die haiei. Realak gaur bukatu du herriz herri egin duen bira, Donostian.

Muniain, gol bat ospatzen, Atletico Madrilen aurkako partidan. JUANJO MARTIN / EFE
2021eko martxoaren 26a
17:04
Entzun

«Ahal dugun guztia egingo dugu zaleei garaipen hau eskaintzeko», adierazi du Iker Munian Athleticeko kapitainak klubak berak Espainiako Koparen karietara egin dion elkarrizketa batean. Kopako 24 tituluei buruzko erakusketa berezi bat jarri dute, eta handik hitz egin du Muniainek.

Izan ere, zaleen falta sentitzen du futbolariak. Esan du indar mezu asko jasotzen dituela, baina haien hatsik ez du sumatuko Sevillako La Cartuja zelaian (Espainia), Realaren kontrako finalean. «Jakina, sumatuko dugu haien falta, denbora honetan guztian San Mamesen egin dugun bezala, eta are gehiago orain, final batean, derbian, bizi dezakegun bezalako gau batez gozatzeko dagoen gogoarekin».

Zaleekin ospatu nahi luke garaipena, baina zuhurtasun mezua ere bidali die: «Superkopan ikusi genuen: estasi eta poz uneetan, jendeak modu zentzudunean ospatzen jakin zuen; ziur nago jendeak gauza bera egingo duela Kopako finalean».

Realak bukatu du bira

Realak, berriz, gaur bukatu du Gipuzkoako herrietan egin duen bira, Donostian. Ordezkaritza batek herrietako banderak jaso ditu egunotan, horiek guztiak Sevillara eramateko asmoz. 88 zituzten jasoak, eta Gipuzkoakoa gehitu dute gaur sortara.

Markel Olano ahaldun nagusiak, Harkaitz Millan Kultura, Kooperazio, Gaztedia eta Kirol diputatuarekin batera, Realeko ordezkariei harrera egin die foru jauregian. Jokin Aperribai presidenteak eta Angel Oiartzun presidenteordeak bandera txuri-urdina eman diete haiei, eraikineko balkoi nagusian jar dezaten.

«Modu sinboliko batean bada ere, gu ere zuekin izango gara Sevillan», esan die Olanok Releko agintariei. Horren ondoren, Eneko Goia Donostiako alkateak hiriko bandera eman dio Aperribairi. Aperribaik adierazi du «seguru» dagoela irabaziko dutela; «pena» handia ematen diola partida zalerik gabe jokatzeak, eta, zoritxarrez, ezingo dutela Donostiako Alderdi Eder bete. Goiak esan du taldeaz «harro» daudela, eta izango dutela ospatzeko arrazoirik apirilaren 3an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.