Euskara

22. Korrika, 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era

Paulo Ostolaza.
2021eko martxoaren 28a
19:49
Entzun

Pandemiarik ez balitz, gaur amaituko litzateke 22. Korrika. Jakina zen, ordea, aurten ezingo zela euskararen aldeko lasterketarik antolatu, eta, horren ordez, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamika antolatu zuen AEK-k. Hala, milaka lagun elkartu dira gaur Euskal Herriko hainbat plazatan euskaltegien sareari babesa erakusteko. Ez hori bakarrik; Korrikaren antolatzaileak etorkizunera begira dabiltza jada, eta iragarri dute 22. ekinbidea noiz egingo duten: 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 22ra. Haien arabera, «inoiz baino beharrezkoagoa» izango da datorren urteko Korrika.

AEKrentzat finantzaketa iturri garrantzitsua da Korrika, eta ez egiteak «kolpe itzela» eragin dio: ikasturteari aurre egiteko, zorpetu egin behar izan du. Galera hori ahal bezainbeste leuntzeko, herritarren diru ekarpenak jasotzeko abiatu zuen kanpaina da Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!; AEKren webgunean egin daitezke ekarpen ekonomikoak.

Gaur «ekitaldi xumeak» egin dituzte 12:00etan, «unean uneko osasun neurrietara egokitutakoak». AEKren mezua irakurtzeaz gain, bi abesti entzun dira: Euskal Herrian euskaraz kantua, batetik, eta gaurko egunerako sortutako Lekukoa mingainean bertso-rapa, bestetik.

40.000 ikasletik gora

AEK-k nabarmendu du pandemia garaian ere ohiko ikastaroekin jarraitzen dutela, eta txalotu egin ditu euskaltegietan ari diren irakasleen eta ikasleen ahalegina: «Euskal Herrian nahiz munduko hainbat tokitan, aurten 40.000 herritarretik gora dabiltza euskaraz komunikatzeko bidea egiten, bai horixe!». 

Horretaz gain, euskaltegi sendoen beharra dagoela nabarmendu dute, «Euskal Herri osoko herritarrei euskara ikasteko baldintza egokiak emateko». Horretarako babesa eskatu dute, agintari politikoak ere mugiarazi ahal izateko. 

Euskaltegien sarearen arabera, Euskal Herriko herritarren %55 erdalduna da oraindik, eta, beraz, euskaltegiak beharrezkoak dira «jendarte euskalduna amets badugu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.