Albistea entzun

Literatura

'Fiesta. Eguzkia jaikitzen da' euskaratu du Koro Navarrok

Literatura Unibertsala bilduman plazaratu dute Ernest Hemingwayren 1926ko eleberri ezaguna. Anjel Lertxundik jantzi du argitalpena, hitzaurre batekin.

Aitziber Atorrasagasti, Koro Navarro —itzulpenaren egilea—, Anjel Lertxundi eta Itziar Diez de Ultzurrun, gaur goizean, Donostian.
Aitziber Atorrasagasti, Koro Navarro —itzulpenaren egilea—, Anjel Lertxundi eta Itziar Diez de Ultzurrun, gaur goizean, Donostian. Gorka Rubio / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko martxoak 29 09:18

Lehen geltokia, Paris. Han elkartuko dira Jake Barnes Lehen Mundu Gerrak zauritutako kazetaria —narratzailea— eta Brett Ashley, erizaina eta Barnesekin maite jokoetan aritutakoa. Beste estatubatuar batzuekin elkartu, eta boskotean eta festa gogoari tiraka helduko dira azken geltokira: Iruñeko sanferminetara. Jai giroak blaituko du dena, baina maitasun gatazkak ere azaleratuko dira zalapartaren erdian. Tramaren ardatzean hori, eta inguruko bizipenak, kazetariaren eskuz jasoak. Horiek, besteren artean, Ernest Hemingway estatubatuarraren (Oak Park, Illinois, 1899 - Ketchum, Idaho, 1961) 1926ko lan aupatuaren gakoak. Koro Navarroren itzulpenean, euskarara heldu berri da Fiesta. Eguzkia jaikitzen da, Hemingway XX. mendeko idazle handienetako bat bihurtu zuen lana. Igelak eta Ereinek plazaratu dute, Literatura Unibertsala bilduman, eta Anjel Lertxundik egin du hitzaurrea.

Literatura Unibertsala bildumak euskal itzulpenaren alorrean bete duen lekuari buruzko gogoeta plazaratu nahi izan du Navarrok, liburua xehatzen hasi aurretik. Oroitarazi du literatura itzulia bigarren mailakotzat hartzen zela euskal letretan bilduma martxan jarri zenean, 1990ean, eta, aldaketarik izan bada, proiektuak zerikusi zuzena izan duela adierazi du: «Itzulpena bazterreko gauzatzat hartzen zen, mespretxuz ikusten zen. Orain gauzak aldatzen ari dira, jendea hasi da literatura itzulia bere horretan estimatzen; hein handi batean, bilduma honi esker».p>

Liburura etorrita, berriz, haren estilo «modernoa» azpimarratu du itzultzaileak, gaur arteko «ospea» ekarri dion forma. «Egun zaila egiten zaigu garai hartan jartzea. Jatorrizkoaren azala ikusita [erakutsi egin du aurkezpenean], barregarria edo harrigarria egiten zaigu, zaharkitua zaigun modernismo bat, baina kutsu hori gordetzen duela uste dut: liburu moderno batena». Igelak 1998an argitaratutako Francis Macomber eta beste zenbait ipuin-en datorren istorio batekin antzemandako lotura ere aipatu du; hango narrazioetako batean «maitasun hiruki bat» ageri bada, Fiesta. Eguzkia jaikitzen da-n «maitasun pentagono bat» agertzen dela azalduta.

Iruñea nobelako kokapen zentraletako bat izan arren, Donostia ere «ekintza nagusiaren kontrapuntu gisa» ageri dela gogoratu du itzultzaileak, baita euskaldunak Hemingwayrentzat «baserritarrak» direla ere, «eta ez hirian daudenak». Emakumezko pertsonaia bakarra, Brett Ashly, tartean ageriko dela gehitu du: «Jendea, alkohola, festa... eromen horretan badaude etenaldiak ere, bakea, natura, lasaitasuna. Eta emakumea, ez dut uste kasualitatez, ez da egongo ez mendian, ez Donostian».

Errealismoaren dohaina

Lertxundik, berriz, Hemingwayren «kazetari sena» izan du gogoan, hari esker irauli zuelakoan ordura arteko nobelagintza. «Kazetaritzaren elementu inportanteenak berreskuratu zituen lehen liburuetatik, eta nabarmena da hemen. Asko dago erreportajetik; mestizaje tankerako estilo bat erakusten du». Eguneroko bizimoduari «etekin literarioa» ateratzen asmatu izana ere txalotu dio idazleak idazleari, hori delakoan «lan artistikoetan» nekezena: «Egunerokotasunean ezkutatzen dena nabarmentzea da errealismoaren dohaina. Ez dira hemen erlazio asko esplizitatzen, keinuak dira ia denak, ederki argitzen zaizkigunak irakurketan».

Navarroren itzulpenera etorrita, protagonista euskal irakurleari oso hurbilekoa egingo zaiola ere adierazi du Lertxundik. Protagonista kuadrilla delako, «kuadrillaren figura soziala», haren hitzetan: «Kuadrilla ez da euskaldunon esklusiba, baina gurean segitzen du funtzionatzen beste leku batzuetan ez bezala, onerako eta txarrerako». Azpimarra jarri dio, hartara, liburuan datozen ahots askotariko elkarrizketei. «Gogoan duzue bi edo hiru pertsonaren arteko elkarrizketa asko dituen libururik? Nik ez. Oso zaila da hiru ahots baino gehiago ematea». Hemingwayk, ordea, bost-seiren arteko jarduna ematen du, eta irakurlearentzat oharkabekoa den «miraritzat» jo du hark. Navarrok hitanoa baliatu du solas horiek euskaraz jartzeko, eta, bidenabar, Lertxundik azaldu du hitanoak luze iraungo duela literaturan, ahozkoan erabilera murriztuz badoa ere.p>

Ezagunak dira, Hemingwayk bezala, beste idazle handi askok Euskal Herrian egindako pasaerak, baina, Lertxundiren esanetan, estatubatuarrak beste inork ez bezala eraman ditu euskal paisaiak hitzetara. «Biarritzetik Iruñera, berdetik harri kolorera, autoz doazelarik, gure herriaren paisaia guztiak ikusten dira travelling batean bezala, irakurlea konturatu gabe travelling batean doala».

Literatura Unibertsala bildumaren parte diren aldetik, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura sustatzeko zuzendaria eta Itziar Diez de Ultzurrun EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko lehendakaria ere izan dira lanaren aurkezpenean. Hemingwayrena bildumak nazioarteko literaturatik euskarari ekarri dion 179. izenburua dela oroitu dute, eta horretan segitzeko borondatea berretsi du Atorrasagastik —Navarrok aurrez hala egiteko eskaera zuzena egin ostean—. Aurten urrats bat aurrera egin dutela ere nabarmendu du: «Programa Hizkuntza Politika sailetik Kultura Sailera pasatu da, eta uste dut normalizazioarekin zerikusia duen pauso handi bat dela».

Diaz de Ultzurrunek, halaber, euskal itzulpengintzaren eremuan Navarrok duen ibilbide oparoa goratu du —Literatur Unibertsalaren bilduman bakarrik zortzi izan dira hark euskaratutakoak—, eta gogora ekarri du proiektuak leku garrantzitsua eman diela hastapenetik itzultzaileei, nola ibilbide luzekoei hala hasiberriei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©Jon Urbe, Foku

Eraberritze soilagoa eta merkeagoa

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Udazkenean hasiko dituzte Donostian Koldo Mitxelena eraberritzeko lanak, baina "birdimentsionatu" egin dute jatorrizko proiektua, pandemiaren eraginez. Bi urtean itxita egongo da kulturunea, eta beste gune batzuetan emango dituzte hango zerbitzuak.

Real Estate, 2019ko argazki batean, Jackson Pollis kidea oraindik taldean zenean. ©JAKE MICHAELS / REAL ESTATE

Itxialdi melodiko bat

Aitor Biain

Real Estate taldeak 'Half a Human' argitaratu du. Sei kantuz osatutako disko labur bat da, itxialdian eta modu telematikoan osatutakoa. Aurreko diskoaren luzapentzat har daiteke.

 ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.