Txertoa jartzeko gune handien fasea ireki nahi du Osakidetzak

Donostian, Illunbeko txertaketa gunea martxan dago, eta Bilbon, Casillako kiroldegian hastera doazela esan Sagarduik

arantxa iraola
2021eko martxoaren 30a
14:09
Entzun

Motel antzean joan da txertaketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan orain arte; bigarren dosia bermatze aldera, txertoak gordetzeko hautua egin zuen Osakidetzak, eta agerikoa zen estrategia horren eragina. Baina martxa bizitu egin dute orain. Jasotako txertoen %89,6 jarri dituztela adierazi du gaur goizean egin duen agerraldian Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, eta bultzada bat eman nahi diotela orain prozesuari txertaketarako gune handiak jarrita.

Martxan dago Donostian Illunbekoa, bihar hasiko da Bilbon Casillako kiroldegikoa, eta Gasteizen, horretarako era dagonean, Lakua frontoian jarri nahi dute beste bat. Orotara egun ja 150 txertaketa gune jartzeko bidean daudela esan du Osasun sailburuak; 25ekin hasi zirela, eta sarea ondo trinkotu dela ordutik. Jaurlaritzaren estrategiaren defentsa egin du; horri esker adinekoen egoitzetan egoiliar denak bi dosiak jasota daudela nabarmendu du. Donostian gaur Reale Arenan ere jarri dute txertaketarako eremu bat; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Realaren arteko akordio baten emaitza izan da. Lehen itzuli batean, 9.500 pertsona txertatu nahi dituzte bertan; horietako asko aldundiarekin lotura duten okupazio zentroetako langile eta erabiltzaileak dira.

Osakidetzako profesionalak, bereziki, 80 urtetik gorako herritarren txertaketan ari dira oraindik. Horiei etxetik hurbil txertatzeko era ematen dietela azaldu du Sagarduik, eta etxera ere joan zaizkiela askori. Poliki-poliki 65 urtetik beherakoei ere abisuak ematen hastea da asmoa; SMS mezuen bidez egingo dute. Populazio orokor hori txertatzeko erabili nahi dira, bereziki, txertaketarako gune handiak.

Tartean, 65-80 urte artekoek geratu beharko dute zain; AstraZeneca horiei jartzea ez dela komeni oroitarazi du sailburuak.

Txertaketan aurrera egin arren, birusaren intzidentzia oraindik altua dela esan du Sagarduik, eta adi ibili behar dela.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.