Zinema

Zinema ikerketak zabaltzea du xede ‘Zine’ argitalpen digitalak

Urtean bitan plazaratuko dute, eta euskal zinemari bereziki erreparatuko dio, baita zinemak beste diziplina batzuekin dituen harremanei ere. Lehen zenbakia eskura jarri dute jada.

Joxean Fernandez, Pablo La Parra, Carlos Mugiro, Harkaitz Millan eta Maialen Beloki, argitalpenaren aurkezpenean. MAIALEN ANDRES /FOKU
Ainhoa Sarasola.
2021eko martxoaren 31
16:47
Entzun

Zinemaren inguruko ikerketa lanak sustatzea eta zabaltzea. Helburu horrekin jaio da ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak argitalpen digitala. Elias Kerejeta Zine Eskolak, Euskadiko Filmategiak eta Donostiako Zinemaldiak elkarlanean jarri dute abian, eta, azaldu dutenez, euskal zinemari arreta berezia eskainiko dio, baita zinemak beste diziplina batzuekin dituen harremanei ere. Interneten plazaratuko dute, urtean bitan —udaberrian eta udazkenean—, eta lehen zenbakia eskuragarri jarri dute dagoeneko, hiru erakundeen webguneetan. Hainbat adituren eskutik, Nestor Basterretxearen eta Maria Jesus Fombellida Tatus-en lanak hartu ditu aztergai oraingoan.

Bi atal nagusi izango ditu argitalpenak. Lehenak bertako nahiz atzerriko adituen jatorrizko ikerlan monografikoak jasoko ditu, eta bigarrenak, berriz, «ikerketa akademikoaren eta sorkuntzaren arteko formatu hibridoak» aztertuko dituenak, Elias Kerejeta Zine Eskolaren Ikerketa Sailak bultzatutako proiektuen ingurukoak.

Euskal zinema da lehen zenbakiko protagonista, eta bi ataletan banatu dituzte bertako edukiak ere. Hala, lehenik, Elixabete Ansa Goikoetxea Txileko Unibertsitate Katoliko Pontifikaleko Estetika Institutuko Ikasketa Gaietarako zuzendari eta irakasle elkartuak egindako azterlan monografikoa dakar: Basterretxearen fabrika: euskal zinema konstruktibista baterako oharrak. Zinemaren eta fabrikaren irudiaren arteko harremanari buruzko azterketaren bidez, «euskal zinema ulertzeko proposamen bat aurkezten da, ikuspegi konstruktibista batetik». Horretarako, adituak abiapuntutzat hartu ditu Nestor Basterretxearen Operación H filma (1963) eta «euskal zineman komunitatea pentsatzeko formen inguruan problematizatzeko beharra». Bigarren atalean, berriz, Maria Jesus Tatus Fombellida zinemagile amateurrak 1975etik 1985era bitarte filmatutako Gure Herria dokumental sortari erreparatu diote. Enrique Fibla Elias Kerejeta Zine Eskolako ikertzaileak, Benoit Turquety Lausanneko Unibertsitateko irakasle eta zinema amateurrean adituak, eta Sahatsa Jauregi artistak sinatu dituzte atal horretako testuak; nork bere diziplinatik, halako filmek praktika kulturalen mapan duten tokiari buruz gogoeta egin dute. Horiekin batera, Fombellidaren Gure Herria dokumental sortako bederatzi filmen bertsio digital berriak argitaratu dituzte zinema eskolaren webgunean.

Ezagutza berria sortzea

Elias Kerejeta Zine Eskolak hastapenetatik oinarrizko bi helburu dituela gogorarazi du Carlos Mugiro zuzendariak: «Batetik, ezagutzaren transmisioa, bere prestakuntza eskaintzaren bidez gauzatzen dena; eta bestetik, ikerketa, ezagutza berria sortzeko oinarria dena». Horregatik, ikerketari lotutako berariazko sail bat dutela nabarmendu du, eta haren askotariko lanen emaitzak plazaratzeko beste instituzio batzuekin elkarlanean jardun dutela orain arte, hainbat proiektutan. Argitalpen berriak ere asmo berari erantzuten dio, Mugiroren esanetan. «Helburu horri lotuta sortu zen argitalpen akademikoaren ideia, zeinak aukera emango duen eskolan lantzen ari diren ikerketak jasotzeko, eta, batez ere, zinemaren arloan lanean ari diren ikertzaileak gonbidatzeko beren lanen emaitzak jakitera ematera». Argitalpen akademikoa den neurrian, zorroztasun zientifikoz jardungo duela, eta mundu akademikoari zabalik egongo dela gaineratu du zuzendariak.

Zorroztasunean eta kalitatean egin du azpimarra Pablo La Parra eskolako ikerketa sailaren koordinatzaileak, eta beste hiru ezaugarri nabarmendu ditu. Batetik, edonorentzat eskuragarri egongo dela, doan jaitsi ahal izango baita saretik. Bestetik, testuak euskaraz, gazteleraz, eta ingelesez edo frantsesez —jasotako materialen arabera— plazaratuko dituztela. Horri lotuta, azaldu du euskarazko jatorrizko ikerketak eta literatura akademikoa sustatu nahi dituztela posible den guztietan, eta bestela, kalitate handiko itzulpenen alde egingo dutela. «Bada beste helburu bat ere, epe ertain eta luzerakoa: euskarazko corpus bat sortzea ikasketa zinematografikoetan espezializatutako literatura biltzeko». Eta azkenik, argitalpenean parte hartuko duten guztiek, izan egile, itzultzaile edo zuzentzaile, ordainsari bat jasoko dutela ere adierazi du La Parrak: «Aipamenak anekdotikoa dirudien arren, ez da hain gauza ohikoa, lan akademikoan prekarizazio handia baitago».

Halako proiektu batean elkarlanean aritzea «oso naturala» da Euskadiko Filmategiarentzat, Joxean Fernandez zuzendariaren iritziz, «euskal zinema baitago ikerketa ahalegin honen erdigunean». Izan ere, Filmategian ere hainbat ikerketa lerro dituztela zabalik ekarri du gogora, eta bai bakarka bai beste erakunde batzuekin eskuz esku garatzen dituztela. Ildo beretik mintzatu da Maialen Beloki Donostiako Zinemaldiaren zuzendariordea ere, eta jaialdiak urte osoan aurrera eramaten dituen ikerketa proiektuen ardatz berean kokatu du argitalpen berria.

Gipuzkoako zinemagintzaren maila «bikaina» dela adierazi du Harkaitz Millan Kultura diputatuak, eta hori hala izateko arrazoi nagusia «oinarritik egiten den lana» dela gehitu du, instituzioen arteko elkarlana txalotzeaz bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.