AEBak

Bidenek zergak igoko dizkie enpresei, 1,9 bilioiko inbertsioak ordaintzeko

Sozietate zerga %21etik %28ra igo nahi du, eta dirua erabili zaintzaileak kontratatzeko, azpiegiturak berritzeko eta I+G gastuak handitzeko

Autobideak, Marylanden. JIM LO SCALZO / EFE
Iker Aranburu.
2021eko martxoaren 31
18:26
Entzun

Azken hamarkadetako inbertsio planik anbiziotsuena aurkeztu du AEBetako Gobernuak. Horren bidez, 1,9 bilioi euro inbertitu nahi ditu hurrengo zortzi urteetan, herrialdeko azpiegitura zaharkituak berritzeko, adinekoen eta elbarrien zaintzaileak kontratatzeko eta ikerketa eta formakuntza handitzeko. Hori guztia pagatzeko, Joe Bidenen gobernuak proposatu du sozietate zerga %21etik %28ra igotzea, gutxienez ordaindu beharreko %21eko zerga tasa bat ezartzea multinazionalei, zergak ez ordaintzeko zirrikituak ixtea eta hidrokarburoetako enpresen abantailak kentzea.

Ikusteko dago planak —edo horren zati batek bederen— aurrera egingo ote duen. Demokratek gehiengo estua dute Senatuan eta Ordezkarien Ganberan, baina baliteke haietako batzuentzat gehiegizkoa izatea proposatutako zerga igoera. Demokraten ezkerreko hegalean, berriz, Alexandria Ocasio-Cortez kongresistak ohartarazi du plana motz geratzen dela. Errepublikanoen aldetik ez du askorik espero Bidenek: saiatu zen haiek limurtzen 1,6 bilioi euroren suspertze planaren alde bozka zezaten, baina ez zuen boto bakar bat ere lortu.

Trumpek berak ere agindu zuen azpiegiturak berritzeko plan bat, baina atal horretan ez zuen ezer egin lau urteko agintaldian. Zerga aldetik, doi-doi kontrakoa egin zuen: 2017an %35etik %21era txikitu zuen enpresek beren irabazien gainean ordaintzen duten zerga.
America Jobs Plan (AEBetako Enplegu Plana) izena jarri dio Bidenek bere lehen inbertsio planari, haren bitartez «ongi ordaindutako enpleguak» bermatu nahi dizkielako milioika langileri.

AEBetako presidenteak Pittsburgh hirian emandako hitzaldian azaldu du gaur bere plana, baina hari buruzko xehetasunak aurreratu ditu bere gobernuak. Horien arabera, lau atal izango ditu planak. Lehenengoaren bitartez, 520.000 milioi euro bideratuko dira 32.000 kilometro errepide konpontzera, hamarren bat zubi nagusi berregitera eta 10.000 zubi txikiago zaharberritzera. Gainera, portuak eta aireportuak modernizatuko ditu; garraio publikoa sendotuko, eta 500.000 kargaleku elektriko eraikiko.

550.000 milioi bideratuko dira, berriz, banda zabala landa eremuetara hedatzera, ur eta argindar banaketa berritzera eta etxebizitza publikoak eraikitzera.

Adinekoen eta elbarrien zaintzaileen kontratazioak 340.000 milioi euro jasoko ditu, eta ia bilioi erdia bideratuko da I+Gra, langileen formakuntzara eta industria sustatzera.

Hezkuntza eta osasuna

Inbertsio plana aurrera ateratzeko lan eskerga egin beharko duen arren, Bidenen gobernuak ez ditu horretara mugatu nahi bere asmo berritzaileak. Hezkuntzan, osasunean eta haurren zaintzan beste 850.000 milioi euro inbertitzeko plana lantzen ari da. Hori finantzatu ahal izateko, aberatsen gaineko zergak handitu nahi ditu AEBetako presidenteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.