Albistea entzun

Myanmar

Su-etena bai, baina ez erabatekoa

Myanmarko armadak talde etniko armatuen aurka hasitako borrokak geratu ditu, KIAk hogei soldadu hil ostean. Su-etenak ez die eragingo, baina, hirietako manifestazioei.

Manifestari bat, Mandalay hirian, gaur.
Manifestari bat, Mandalay hirian, gaur. STR / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2021eko apirilak 1

Myanmarko junta militarrak hilabeteko su-eten bat egingo duela azaldu du, Kachin eta Karen estatuetako talde etniko armatuekin izaniko borroken ostean. Herrialdeko AAPP Preso Politikoen Babeserako Elkartearen arabera, baina, erabakiak militarrek talde armatuekin dituzten borrokei bakarrik eragingo die, eta ez manifestazioei. «Oraindik herritar armagabeak hiltzen eta torturatzen ari dira», adierazi du AAPPko idazkari Ko Bo Yik. 

Su-etena, beraz, junta militarraren segurtasunari eragiten dieten eremuetara mugatuko da. Militarrek jakinarazi dutenez, KIA Kachingo Independentziaren Armadaren aurkako borroketan, Myanmarko Armadako hogei soldadu hil ziren atzo. DVB News hedabidearen arabera, KIAk konboi militar bati egin zion eraso, Mohnyin hirian. Horrez gain, Shwegu hiriko Polizia etxearen aurka ere egin zuten, «disidentziaren aurkako errepresiopean eginiko zibilen hilketengatik». Kachingo Independentziaren Armada herrialdeko erakunde armatu nagusietako bat da, eta iparraldeko Kachin eskualdearentzako autonomia handiago bat eskatzen du.

Hura ez da, ordea, militarrek irekia duten fronte bakarra. Hego-ekialdeko Karen estatuko gerrillen aurka ere ari dira borrokan. Eremu hartan aire erasoak egin ditu armadak, eta gutxienez hamalau lagun hil dituzte. Free Burma Rangers gobernuz kanpoko erakundearen arabera, bonbardaketek eskolak, osasun etxeak eta urre meategi bat suntsitu dituzte. 

Erakundeak gehitu du, su-etena aldarrikatu arren, milaka herritar ezkutatuta daudela oraindik, «geroratze-taktika bat» delakoan. Orain arte, 20.000 herritar baino gehiago desplazatu dira; horietatik 2.500 inguruk Thailandiako muga zeharkatu dute. 

Gutxiengo etnikoek Myanmarko biztanleriaren %30 inguru osatzen dute, eta herrialdeko militarren eta gerrillen arteko gatazkak ohikoak dira. CRPH Batasunaren Biltzarreko Ordezkarien Batzordeak, estatu kolpearekin euren kargua galdu zuten hautetsiek osatuak, eta bere burua «gobernu legitimotzat» jo duenak, «indarrak batzeko» deia egin zien horiei, junta militarrari aurre egiteko. Bide horretan, batzordea Myanmarri «izaera federal bat» ematearen alde agertu da orain, «justizia eta berdintasuna» lortzeko bidea dela argudiatuta.

Ez da hori CRPHk jaurtitako mezu bakarra. Batzordeak adierazi du «bertan behera» utzi duela 2008ko Konstituzioa, junta militarraren «diktadura» mantentzea baimentzen duelako. Konstituzioa militarrek idatzia da —agintean egon ziren 1962tik 2011ra bitartean—, eta haren 417. artikulua baliatu zuten otsailaren 1ean estatu kolpea emateko. Artikulu horren arabera, armadak botere politikoa bere gain hartzeko eskubidea du, «Myanmarren batasuna» arriskuan badago. Horrez gain, Konstituzioak parlamentuko eserlekuen %25 izatea, eta Barne, Defentsa eta Muga ministerioak kontrolatzea ere baimentzen dio armadari. 

Estatu kolpea emateko ustezko hauteskunde iruzurra argudiatu zuten militarrek. Azaroan, Aung San Suu Kyiren NLD Demokraziarako Liga Nazionalak aise irabazi zituen bozak, 2015ean egin bezala. Aung San Suu Kyi otsailaren 1ean atxilotu zuten, eta haren aurkako lau akusazio egin ditu junta militarrak: istiluetara bultzatzea, ustelkeria, koronabirusaren aurkako neurriak ez errespetatzea eta inportazio eta esportazio legeak urratzea. Ordutik, estatu kolpearen aurkako protestetan, gutxienez 536 lagun hil dituzte segurtasun indarrek, eta 2.600 atxilotu. 

NBE Nazio Batuen Erakundeko mandatari berezi Christine Schranerren arabera, gerra «erabatekoa» izatetik gertu dago, eta erakundeko Segurtasun Kontseiluaren esku hartzea exijitu du: «Huts egindako estatu bat bihurtzear dago».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Eukalipto baso bat, Portugalen. 2017an, 66 pertsona hil ziren Pedrogao Granden sute baten ondorioz. ©CARLOS GARCIA / EFE

Monolaborantzaren sustraiak

Arantxa Elizegi Egilegor

Portugalek eta Galiziak indarrean jarri dituzte eukalipto eremuak gutxitzeko neurriak. Egitasmoek, baina, enpresen eta oposizioaren kritikak eragin dituzte.
Via Galega plataformaren ekitaldi bat. ©BERRIA
Salvini, irudian ezkerretera eta behean, goiz honetan Parlemoko Auzitegian egin duten saioan. ©ORIETTA SCARDINO / EFE

Bahiketa egotzita epaituko dute Matteo Salvini

Mikel P. Ansa

Open Arms itsasontziari portuan sartzea debekatu zionean pertsonen bahiketa delitu bat egin zuela egotzi diote. Irailaren 15ean hasiko da epaiketa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna